Gizartea -
ESPAINIAKO GOBERNUA
Urruntze birtualak agintzeko eta sexu kutsuko 'deepfake'ak egiteagatik zigorrak ezartzeko legea onartu dute
Espainiako Gobernuak lege aitzindari bat jarri du abian, adingabeak ingurune digitaletan babesteko, eta, horretarako, nahitaezko guraso-kontrolak ezarri ditu, besteak beste, eta 16 urtera igo du sare sozial batean kontua irekitzeko gutxieneko adina.
Agentziak | EITB MEDIA
Ministroen Kontseiluak astearte honetan onartuko du, bigarren itzulian, ingurune digitaletan adingabeak babesteko lege proiektua. Legearen bidez, adingabeen eskubideak bermatu nahi dira eremu digitalean, baita haien datu pertsonalen babesa eta haien adinerako egokiak diren edukietarako sarbidea ere.
Araua Kongresura bidaliko dute Parlamentuan izapidetu dezaten, eta hainbat neurri jasotzen ditu, hala nola urruntze birtualeko aginduak, derrigorrezko guraso-kontrolak, adimen artifizialarekin sortutako eduki sexuala edo iraingarria zabaltzeagatik ezarritako zigorrak eta ikasleek eta irakasleek Internet arduraz erabiltzeko prestakuntza.
Presidentzia, Gazteria eta Haurtzaroa, Eraldaketa Digitala eta Eskubide Sozialen ministerioek parte hartu dute lege proiektuan.
Fabrikako kontrolak, gurasoei laguntzeko
Gailu elektroniko guztiek —mugikorrek, tabletek eta telebista adimendunek, esaterako— gurasoen kontrolak izan beharko dituzte adingabeen segurtasuna bermatzeko, erabiliko den lehen unetik. Sistema hori berez aktibatuta egongo da, eta gurasoek edo tutoreek konfiguratu ahal izango dute, adingabearen beharren arabera.
AAren bidez egindako eduki sexuala edo iraingarria
Adimen artifizialaren bidez (faltsifikazioak edo deepfake) eduki sexuala edo iraingarria zabaltzea eta sortzea zigortuko du arauak. Jokabide horiek adingabeen izen onari eta ongizateari kalte larria egin diezaiokete, eta identitate faltsuak erabiltzen badira edo masiboki hedatzen badira, zigor larriagoko delitutzat joko dira.
Urruntze birtualeko agindua
Urruntze birtualeko aginduaren figura ezarri dute eremu digitalean delituak egiten dituztenentzat, eta horrek biktimarekin harremanetan jartzea eragotziko du plataformetan eta sare sozialetan.
16 urtera, sare sozialetan sartzeko baimena
Arauak 14 urtetik 16 urtera igotzen du datu pertsonalak tratatzeko baimena emateko adina, sare sozialak erabili ahal izateko.
Azterketa pediatrikoak
Espainiako Gobernuak pediatren funtzioa txertatu du, adingabeak gailu elektronikoen erabilera desegokia egiten ari ote diren identifikatzeko eta Internetekiko menpekotasuna eta arrisku-egoerak antzemateko.
Alfabetizazio digitala
Alfabetizazio digitalerako eta herritartasun digitaleko heziketarako plan bat ere proposatzen du, administrazio eskudunek garatua, Lehen Hezkuntzatik ikasleek jaso ditzaten Inernet bidezko faltsukeriei aurre egiteko eta Internet arduraz erabiltzeko prestakuntza.
Estrategian, eduki digitalen etiketatzea sartuko da, hizkera ulergarriarekin, eta ohartarazpenak gehituko dira, baldin eta adin txikikoentzat egokia ez bada.
Legeak adingabeen eta haien familien eremu digitalari buruzko ezagutza hobetzeko neurriak ere jasotzen ditu, hala nola adingabeen arriskuei eta eskubideei buruzko sentsibilizazio-kanpainak.