Gizartea -

GIDABAIMENA EUROPAN

17 urtetik gorako gazteek Europar Batasunean gidatu ahal izango dute, eskarmentua duen heldu batek lagunduta

Europar Kontseiluak (27 estatuen buru guztien batzarra) eta Europako Parlamentuak akordioa lortu dute gidabaimenaren gaineko arauak berritzeko. Horren arabera, kamioilari izan nahi dutenek 17 urterekin atera ahal izango dute baimena, eta gidatzen hasi, lehen urtean, heldu batek lagunduta.

Autoak autopista batean. Egile eskubiderik gabeko irudia
Autoak autopista batean

Autoak autopista batean. Egile eskubiderik gabeko irudia

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunak 17 urteko gazteei gidabaimena eman ahal izateko oinarriak adostu ditu astearte honetan, Europar Kontseiluak (27 estatuen buru guztien batzarra) eta Europako Parlamentuak gidabaimenaren gaineko arauak berritzeko akordioa lortu ondoren.

Aldaketa horren ondotik, 27 estatukideek gidatzeko gutxieneko adina eta gidari hasiberrientzako arauak harmonizatuko dituzte.

Arautegi horren berritasun nagusia da 17 urtetik gorako gazteek gidabaimena atera eta gidatzen hasi ahalko dutela, beti ere, eskarmentua duen heldu batek lagunduta.

Gidari hasiberriek bi urtez abiadura eta alkohol muga zorrotzagoak izango dituzte esperientzia dutenekin alderatuta. Halaber, zigor gogorragoak jasoko dituzte alkoholaren eraginpean edo segurtasun uhalik gabe gidatzeagatik.

Bestalde, kamioilari izan nahi dutenek 17 urterekin atera ahal izango dute baimena, eta gidatzen hasi, lehen urtean, heldu batek lagunduta. Horrez gain, gidari profesionalen falta dela eta, kamioiak gidatzeko gutxieneko adina 21 urtetik 18ra murriztuko dute, eta autobusak gidatzekoa, 24tik 21era. 

Orain 27 estatukideek eta Europar Kontseiluak berretsi behar dute akordioa, EBko Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik. Ondoren, 2030era arteko epea izango dute estatukideek egokitzapenak egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Nazioartea Europar Batasuna Europa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gazteak