Gizartea -

HEZKUNTZA

Lehen Hezkuntzak 10.000 ikasle galdu ditu bost urtean Euskadin, jaiotza-tasak behera egin duelako

Aitzitik, 0-1 urteko geletan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan matrikulazioak igo egin ziren 2023/24 ikasturtean.

Hiru neskatila eskola baten atarian, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Hiru neskatila eskola baten atarian, artxiboko irudi batean

Hiru neskatila eskola baten atarian, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehen Hezkuntzan matrikulatutako haur kopurua behera egiten ari da urtez urte, eta bost urtean 10.000 ikasle galdu ditu jaiotza-tasaren jaitsiera dela eta. Aitzitik, 0-1 urteko geletarako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako izen-emateak hazi egin ziren 2023/24 ikasturtean.

Unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetan, guztira, 405.616 matrikula egin ziren 2023/24 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), aurreko ikasturtean bezalatsu, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak astelehen honetan zabaldutako datuen arabera.

Hala ere, datuon bilakaera hezkuntzako etaparen araberakoa izan da. Lehen Hezkuntzan 121.539 matrikula egin ziren 2023/24 ikasturtean, aurreko urtean baino 2.612 izen-emate gutxiago (% 2,1). Gauzak horrela, azken bost urteetan jaitsiera izan da eta 10.000 ikasle gutxiago zenbatu dira.

Aitzitik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) eta Lanbide Heziketan azken hogei urteetako matrikula kopuru altuenak izan dituzte: 90.000 eta 46.000 gehiago, hurrenez hurren.

Zehazki, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan matrikulak % 1,6 hazi dira, Oinarrizko Lanbide Heziketan, % 7,7, Erdi Mailako Lanbide Heziketan % 1,7 eta Goi Mailako Lanbide Heziketan % 4,1.

Azkenik, Haur Hezkuntzan 2023/24 ikasturtean matrikula kopurua % 1 murriztu bazen ere, 0-1 geletarako izen-emateak % 13 igo ziren. 2023/24 ikasturtetik aurrera haur-eskola publikoak doakoak dira eta horrek eragina izan du matrikulazioan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Eskola Publikoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza sistemako albisteak Umeak Eustaten datuak