Gizartea -

Manifestazio nazionala

Palestinari babes olatua Donostian, "haritzaren herritik olibondoaren herrira"

Milaka lagun bildu dira Gernika-Palestina herri ekimenak deitu duen martxan, 'Genozidioa stop. Israel, ¡alto el fuego ya!' lelopean eta hainbat alderdi, sindikatu eta erakunde sozialek bat egin dute, baita hainbat pertsona ezagunek ere, batez ere euskal kulturaren arlokoak.

Manifestazioaren une bat. Argazkia: EFE.
Manifestazioaren une bat. Argazkia: EFE.

Manifestazioaren une bat. Argazkia: EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona bildu dira larunbat honetan Donostian Palestinako herriari elkartasuna adierazi, eta "Israel Gazan egiten ari den genozidioa" amaitzea eta Benjamin Netanyahuren gobernuak su-etenari berriro ekitea eskatzeko.

Gernika-Palestina herri ekimenak deitu du martxa, 'Genozidioa stop. Israel, ¡alto el fuego ya!' lelopean, eta hainbat alderdi, sindikatu eta erakunde sozialek bat egin dute horrekin, baita hainbat pertsona ezagunek ere, batez ere euskal kulturaren arlokoak.

EH Bildu, EH Bai, EAJ, PSE-EE, Podemos Euskadi eta Ezker Anitza-IU alderdietako ordezkariak, eta ELA, LAB, CCOO eta Steilas sindikatuetako kideak ere izan dira bertan. 

Manifestazio jendetsua 17:35ean abiatu da Alderdi Ederreko lorategietatik, Donostiako udaletxe ondotik, Pablo Picassoren Guernicaren zati bat marrazturik zuen Palestinako bandera handi bat buruan zuela.

Horren atzetik joan da antolatzaileen pankarta, besteak beste, Agus Hernan, Euskadin bizi den gazatar bat, Martxelo Otamendi eta Teresa Toda kazetariak eta Nekane Balluerka EHUko errektore ohia buruan zirela.

Manifestazioaren aurrealdean, Luke Uribe-Etxebarria EAJko senataria, Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatua eta Arritxu Marañon PSE-EEk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen bozeramailea ere joan dira, baita alderdi horietako eta gainerako alderdi politikoetako hainbat zinegotzi ere.

Kartelak. EFE.

Kartelak. EFE.

Boulevard zumardia, Kursaaleko zubia eta Zurriola pasealekua igaro dituen manifestazioan, bandera eta zapi palestinar ugari ikusi dira, baita ikurrinak ere, eta gehien entzun diren oihuak, berriz, hauek izan dira: "Ez da gerra bat, genozidioa da" eta "Israeli boikot, Palestina askatu". 

Martxa Saguesko zabalgunean amaitu da, ekitaldi bat eginez. Antolatzaileek martxa zabaldu duen Palestinako bandera erraldoia lurrean paratu dute, eta, horrez gain, aurretik manifestarien artean bildu dituzten haurrentzako oinetakoak 'erein' dituzte zoruan, Gazan hildako haurrengatik dolu-adierazpen gisa.

Haurren oinetakoak. EFE.

Haurren oinetakoak. EFE.

Saguesko agertokitik, Amets Arzalluz eta Alaia Martin bertsolariek Palestinako herriari eskainitako bertsoak abestu dituzte, eta Maddi Oihenart eta Juantxo eta Miren Zeberio musikariek abesti bat eskaini dute. 

Ekitaldia 19:00ak aldera amaitu da, Jon Maia abeslari eta idazlearen testu bat irakurrita. "Beste behin elkartu gara Palestinako herriaren eta gizateriaren aurkako azken erasoen aurrean gure salaketa ozena adierazteko". Su-etenaren haustura salatzearekin batera adierazi dute "Israelen eraso bakar bat gehiago jasanezina" dela, baita "hainbat herrialde eta erakunderen konplizitatea" ere.

"Jasanezina eta onartezina da genozidio anker honek segundo bakar bat gehiago jarraitzea mundu osoaren begien aurrean", esan dute Josean Bengoetxea kazetariak eta Naroa Iturri aktoreak, Maiaren hitzak irakurriz. Gaineratu dute ez dutela onartuko "Palestinako herriaren errekonozimendua eta Israelen okupazioaren amaiera ez den beste soluziorik". 

"Palestinaren borroka justizia unibertsalaren aldeko borroka da, genozidio ororen aurkako borroka da, giza eskubideen eta herrien eskubideen aldeko borroka da", aldarrikatu dute, eta oihu honekin amaitu dute bilkura: "Gora Palestina askatuta!".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gazako Zerrenda Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Manifestazioak