Gizartea -

POLIZIA-OPERAZIOA

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Zaragozan haur-pornografia eta adingabeen aurkako sexu-erasoak egotzita

Internet bidez zabaldutako bideoetako batzuetan neska adingabeei sexu-erasoak egiten ageri zen. Epaileak espetxera bidali du behin-behinean, eta ez dute baztertu atxiloketa gehiago egitea.

Atxiloketa, Zaragozan. Argazkia: Ertzaintza
Atxiloketa, Zaragozan. Argazkia: Ertzaintza

Atxiloketa, Zaragozan. Argazkia: Ertzaintza

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak, Espainiako Poliziarekin lankidetzan, gizon bat atxilotu du Zaragozan, haur-pornografia egitea, edukitzea eta banatzea, grooming delitua, adingabeen aurkako sexu-erasoa, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa leporatuta, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Aipatu iturrien arabera, atxiloketa horren jatorria 2024an Gipuzkoan genero-indarkeriagatik jasotako salaketa bat da. Salaketa horren bidez jakin zen salatutako pertsonak haurren aurkako sexu-erasoekin lotutako materiala eduki zezakeela.  

Lasarte-Oriako eraikin batean sartu eta miaketa egin zutenean, hamaika gailu elektroniko konfiskatu zituzten, eta gailu horietan haurren kontrako sexu-erasoekin lotutako argazkiak, bideoak eta elkarrizketak aurkitu zituzten.

Ikerketa horri esker, material hori banatzen aritzen zen pertsona bat identifikatu zuten azkenean; 34 urteko gizon bat zen.

Atxilotuaren etxean, Zaragozan, adingabeen aurkako sexu-erasoekin lotutako material ugari aurkitu zuten. Era berean, egiaztatu zuten ikertua bera ageri zela irudietan adingabe bati sexu-erasoa egiten.

Atxilotua Zaragozako Guardiako Epaitegiaren esku jarri ostean, epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen.

Ertzaintzak ez ditu amaitutzat eman ikerketak, eta ez dute baztertu atxiloketa gehiago egitea, ebidentzia ugari baitituzte oraindik aztertzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Gipuzkoa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Lasarte-Oria Albisteak Matxismoa