Gizartea -
Vatikanoa
Aita santuak erietxetik agurtuko du igande honetan, ospitaleratu zutenetik lehen agerraldi publikoan
Frantzisko aita santuak "Erromako Agostino Gemelli Ospitaleko bere logelako leihoan azaltzeko asmoa du, biharko angelusaren amaieran agurtzeko eta bedeinkatzeko", Vatikanoko prentsa aretoak baieztatu duenez. 37 egunetan egingo duen lehen agerraldi publikoa izango da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Frantzisko aita santua Erromako Gemelli ospitaleko bere apartamentuko leihora aterako da igandean, Vatikanoak baieztatu duenez. Aldebiko pneumonia batek jota ospitaleratu zutenetik 37 egun betetzen direnean aita santuak egingo duen lehen agerraldi publikoa izango da biharkoa.
88 urteko aita santuak "Erromako Agostino Gemelli Ospitaleko bere logelako leihoan azaltzeko asmoa du, aurreko asteetan bezala idatziz zabalduko den biharko angelusaren amaieran agurtzeko eta bedeinkatzeko", Vatikanoko prentsa aretoak baieztatu duenez.
Otsailaren 14an Gemelli ospitalean sartu zutenetik Frantzisko aita santuak egingo duen lehen agerraldi publikoa izango da biharkoa. Astiro eta pixkanaka ari da aita santua sendatzen, arnasketa arazoek hainbat krisi larri eragin ostean. Aita santuaren egoera egonkortu egin da, eta azken asteetan hobera egin du.