Gizartea -
Palestina
Palestinaren aldeko manifestazioa egin dute Iruñeko kaleetan
Palestinarekin Elkartasuna plataforma Israelekin "harreman guztiak hausteko presioa" egitearen alde agertu da. Bertan salatu dutenez, Israelen erasoak "ez dira gertaera isolatuak" eta Israelek "proiektu kolonial, arrazista eta espantsionista" du.
Agentziak | EITB Media
Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatuta, ehunka lagun bildu dira ostiral arratsaldez Iruñean, Palestinari babesa adierazteko manifestazioan.
"Atzo Bilbon, Donostian eta Gasteizen egin genuen, eta gaur Iruñean. Helburua argia da: Israelen izaera genozida salatzea, eta salatzea ez dela inoiz gelditu, ezta su-etenarekin ere", azaldu du Manex Mailharin Palestinarekin Elkartasuna taldeko bozeramaileetako batek.
Manifestazioaren bidez, "Palestinako herriari eta erresistentziari babes irmoa" erakusteaz gain, "irtenbide bakarra Israelgo Estatua desagertzea" dela adierazi dute.
Deitzaileek Israelekin "harreman guztiak hausteko presioa" egitearen alde egin dute. Bertan salatu dutenez, Israelen erasoak "ez dira gertaera isolatuak" eta Israelek "proiektu kolonial, arrazista eta espantsionista" du.
"Uste dugu borroka ez dela erakundeetatik etorriko, kasu askotan Israelen menpe daudela uste baitugu, guk jendeari egiten diogu dei presioa egin dezan", adierazi du Mailharinek.
Manifestariak Iruñeko Errekoleten plazan bildu dira 18:30ean, Palestinako bandera ugari, eskuorriak eta kamiseta errebindikatzaileak eskuetan. Handik abiatuta hainbat kale zeharkatu ondoren, San Frantziskora iritsi dira, eta bertan irakurri dute manifestua.
Besteak beste, "Palestina askatu", "Israel hiltzailea, PSOE babeslea" eta "Israeli boikota" oihukatu dituzte. Manifestazioaren buruan "Israel Genozida" zioen pankarta bat eraman dute.