Gizartea -
Eguraldia
Bueltan dator negua
Larunbatean, goizean goiz, haize-bolada zakarrak izango dira oraindik ere, baina eguraldi haizetsuak euriari, hotzari eta elurrari emango dio bide egunak aurrera egin ahala.
EITB MEDIA
Une haizetsuak ekarri ditu berarekin udaberriak, eta larunbat goizera arte bolada biziak espero dira han-hemen. 00:00etatik 06:00etara hartuko du indarrik handiena haizeak, eta Bizkaian joko dute bortizkien ufadek. Abisu horia ezarri dute bertan gauerditik larunbateko 06:00ak arte.
Ostarteak eta tenperatua atseginak izan dira goizean ia Euskal Herri osoan, baina arratsaldean hodei gehiago ikusiko dira zeruan. Baliteke, gainera, euri zaparradaren bat edo beste botatzea, barnealdean bereziki.
Larunbaterako, aro ilunagoa espero da. Haizea, euria eta tenperaturen jaitsiera ekarriko du biharko egunak. Hego-mendabeldetik joko du haizeak goizean, eta tenperatura epela izango da oraindik.
Eguerdi aldera, ostera, mendebalde ipar-mendebaldeko ukitua hartuko du, eta erabateko aldaketa eragingo du. Zerua guztiz lainotuko da, euria egingo du nonahi, eta tenperatura asko jaitsiko da. Elur-kotak ere behera egingo du, arratsalde-gau partean 1.200-1.400 metroan kokatu arte.
Igandea ere hodeitsu esnatuko da. Euria eta hotza izango dira nagusi. Maximoak nekez helduko dira 13 gradura kostaldean eta 10era barnealdean. Mendebaldeko haizea izango dugu goizean, eta ipar-mendebaldekoa arratsaldean. Geroz eta estaliago egongo da zerua.
Goizeko lehen euri tantek zaparrada mardulagoei irekiko diete atea arratsaldean, batez ere kostaldean. Elur-kota are gehiago jaitsiko da, 1.100-1.300 metroraino.