Gizartea -
FUTBOLA
Bilbon jokatuko den Europa Ligako finala "errespetuz eta harrotasunez" bizitzeko deia egin dute erakundeek
Bi hilabete barru San Mamesen jokatuko den nazioarteko kirol ekitaldiaren harira, 'Bizi beharreko finala' kanpaina aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak.
EITB Media
Bigarren urtez jarraian, Europako futbol lehiaketa bateko finala jokatuko da Bilbon. Iaz, emakumezkoen Txapeldunen Ligako finala San Mamesen jokatu zen, eta aurten, berriz, gizonezkoen Europa Ligako finalaren txanda izango da, maiatzaren 21ean.
Finala Bilbon egitea bultzatu duten hiru euskal erakundeek (Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala) ekitaldia "arduraz, errespetuz eta harrotasunez hartzeko eta gozatzeko" deia egin dute, "gure nortasuna oinarri hartuta".
Partidarako bi hilabete geratzen direnean, aipaturiko hiru erakundeek 'Bizi beharreko finala' kanpaina aurkeztu dute. Bertan izan dira Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea.
Agerraldian azaldu dutenez, Euskadik lehen aldiz hartuko duen nazioarteko kirol ekitaldi horren testuinguruan, kanpainaren helburua da euskal herritarrek futbola bizitzeko duten "modu bakar eta berezia" nabarmentzea eta horren inguruan sentsibilizatzea herritarrak.
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren esanetan, finala "aukera bat" da "gure nortasun propioa eta berezia eta gure herri balioak ezagutarazteko".
Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek, bere aldetik, "nazioartean proiektatzeko beste aukera handi bat ere bada", esan du.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, berriz, finalak "nazioartean duen oihartzuna" nabarmendu du. "Maiatzaren 21ean gure hirian Europako futbol final bat bizitzeko aukera historikoa izango dugu, eta are gehiago Athletic txapelduna bada", gaineratu du.