Gizartea -

TRAFIKOA

Gasteizko Emisio Gutxiko Eremua onartu du udalbatzak eta irailaren 15ean sartuko da indarrean

Lehen faseak Alde Zaharra eta Zabalgunearen zati bat hartuko ditu, eta, B, C, Eco eta 0 pegatina duten ibilgailuak soilik sartu ahalko dira, salbuespenak salbuespen. 2027ko irailean bigarren fasea hasi eta eremua zabaldu egingo da.

Gasteizko Emisio Gutxiko Eremua. Irudia: EITB Media
Gasteizko Emisio Gutxiko Eremua. Irudia: EITB Media

Gasteizko Emisio Gutxiko Eremua. Irudia: EITB Media

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udaleko osoko bilkurak behin betiko argi berdea eman dio hiriko Emisio Gutxiko Eremua (EGE) arautuko duen ordenantzari, eta datorren irailaren 15ean sartuko da indarrean Alde Zaharrean eta Zabalguneko hainbat kaletan. Horrela, lehen fasean, 2027era arte, B, C, Eco eta 0 pegatina duten ibilgailuak soilik ibili ahalko dira (A etiketa dutenak ez beste guztiak). 2027ko irailetik aurrera, berriz, B motako ibilgailuak ere ezingo dira bertan sartu.

Udalbatzak ostiral honetan onartu du ordenantza berria, udal gobernua osatzen duten bi alderdien (EAJ eta PSE-EE) babesarekin eta EH Bildu eta Elkarrekin alderdien abstentzioari esker. PPk, aldiz, aurka bozkatu du.

Emisio gutxiko eremuaren lehen fasea irailaren 15ean sartuko da indarrean, eta Alde Zaharrari, erdiguneko hainbat kaleri (San Antonio, Prado, Olagibel eta Errege Atea) eta Zabalgunearen zati bati eragingo dio. Une horretatik eta 2027ko irailera arte, B, C, Eco eta 0 pegatina duten ibilgailuak soilik sartu ahalko dira (A etiketa dutenak ez beste guztiak). Ez da derrigorrezkoa izango etiketa autoan itsatsita eramatea; izan ere, Udalak Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren (DGT) datuak kontsultatu ahalko ditu  ibilgailuak araudia betetzen duen ala ez egiaztatzeko.

Dena den, Udalak hamabi salbuespen orokor eta beste lau salbuespen ezarri ditu.

Batetik, araudia betetzetik salbuetsita egongo dira mugitzeko arazoak dituzten pertsonak, gaixoak, ibilgailu historikoak, bereziak eta oinarrizko zerbitzu publikoa eskaintzen dutenak, errenta maila baxua dutenak eta aparkalekua dutenak.

Bestetik, beste lau salbuespen izango dira lehen urtean. Dendaraba merkataritza-guneko aparkalekura joan nahi dutenek, merkatariek, banatzaileek eta gremioek urtebeteko epea izango dute araudia betetzeko.

Lehendabiziko hiru hilabeteetan ez dute isunik ezarriko, abenduaren 15era arte. Hiru hilabeteko egokitzapen aldi horretan abisua bidaliko zaie araudia urratzen dutenei. Hortik aurrera, ordea, emisio gutxiko eremura baimenik gabe sartzen direnek 200 euro ordaindu beharko dituzte.

2027ko irailean, bigarren fasea hastearekin batera, emisio gutxiko eremua zabaldu egingo da, eta kale hauek ere hartuko ditu: Domingo Beltran de Otalora, Andre Maria Zuriaren Koroatzearen kalea eta Ramiro Maeztu. 2030etik aurrera, B motako ibilgailuak ere ezingo dira sartu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Gasteizko Udala berriak Gizartea Trafiko webkamerak Eguneko albisteak Gasteiz berriak Albisteak Gasteizko Alde Zaharra azken ordukoa Euskal Herriko kutsadura gaur