Gizartea -
Elorrio
Elorrioko Udalak "erne" egoteko eskatu die familiei, neska bat bahitzen saiatu baitira asteon
Bahiketa saiakera astearte arratsaldean gertatu zen, neskatoa udal kiroldegitik ateratzen ari zenean, Julene Lazkano alkateak ohar batean adierazi duenez. Hala ere, "lasaitasun mezua" helarazi nahi izan die herritarrei.
Agentziak | EITB Media
Elorrioko Udalak haurrei "adi" egoteko eskatu die herritarrei, familia batek asteon Udaltzaingoari jakinarazi baitio ezezagun bat 10 urteko alabarengana joan zela berarekin joatea eskatzen.
Astearte arratsaldean gertatu zen, neskatoa udal kiroldegitik ateratzen ari zenean, Julene Lazkano alkateak ohar batean adierazi duenez. Hala ere, "lasaitasun mezua" helarazi nahi izan die herritarrei.
Alkateak adierazi duenez, hasiera-hasieratik hasi ziren Udaltzaingoa eta Ertzaintza gizon horren bila, eta arreta berezia jarri zuten haurrak egon ohi diren guneak zaintzen.
Ertzaintzaren bozeramaile baten arabera, ordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziak ez du gertakari horiengatik "salaketarik" jarri izanaren berririk, eta ez du ikerketarik martxan.