Gizartea -

Hezkuntza

AskHezi, euskarazko diktaketa-sistema berria dibertsitate funtzionala duten haur eta gazteentzako

Duela hiru urte abiatutako proiektuaren sustatzaileak pozik agertu dira lortutako emaitzarekin, baina ohartarazi dute tresna erabiltzaileengana iristeko azken urratsa falta dela, teknologia horrek "ordenagailu ahaltsuak" behar izaten dituelako.

AskHezi garatu duten eragileen agerraldia. Irudia: Ikastolen Elkartea
AskHezi garatu duten eragileen agerraldia. Irudia: Ikastolen Elkartea

AskHezi garatu duten eragileen agerraldia. Irudia: Ikastolen Elkartea

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Orai NLP adimen artifizialeko zentroak AskHezi garatu du, haurren ahotsekin dabilen euskarazko diktaketa-sistema. Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta Nafarroako Sortzen Elkarteak bultzatuta, Languneren aholkularitzarekin eta 'Euroeskualdeko hiritartasuna' deialdiko eta SPRIren dirulaguntzei esker.

Euskaraz ahoz botatakoa testu bihurtzeko Oraik orain arte garatutako tresnak haurren ahotsetara egokitzeko eta eredu neuronalak trebatzeko, Euskal Herri osoko zenbait ikastola eta eskola publikotako 479 ikasleren ahotsak grabatu dira: 70.000 grabaketatik gora egin dira.

Proiektuaren sustatzaileak pozik azaldu dira lortutako emaitzarekin, baina gaineratu dute tresna erabiltzaileengana iristeko azken urratsa falta dela. "Plataforma garatuta dago, baina ez da ordenagailuan instalatuta dabilen zerbait. Hizketa-teknologietako eta adimen artifizialeko tresna hauek sare neuronaletan oinarritzen dira eta sare neuronal horiek ordenagailu ahaltsuak behar izaten dituzte", azaldu du Igor Leturia Oraiko hizketa-teknologien arduradunak.

"Sistema hau oso baliagarria izango da desgaitasun motorrak dituzten haur eta gaztetxoen ikasketa-prozesuan; izan ere, euskarazko idazlanak egin ahal izango dituzte, tekleatu beharrik izan gabe, testua hizketa bidez diktatuta". Dagoeneko erabat garatuta dagoen plataformak "euskaraz esandakoa transkribatu egiten du, eta hizketa bidezko komandoak erabiliz, aldaketak eta zuzenketak egin daitezke", azaldu du Leturiak.

Hizkuntza- eta hizketa-teknologiak oso baliagarriak dira hezkuntzaren munduan ikasle guztien inklusibitatea lortzeko bidean. Ikastetxeetan egunero erabiltzen diren sistema eragileek, ofimatika programek eta online zerbitzu gehienek integratuta dauzkate hizketaren sorkuntzako, itzulpen automatikoko eta hizketaren ezagutza automatikoko sistemak. Baina horietako gehienak ez dira erabilgarri euskaraz, eta ez daude haurren ahotsetarako prestatuta.

Hain zuzen ere, Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkartearen, Languneren, helburua da "hizkuntza-teknologiak bizitzako esparru guztietara zabaltzea eta teknologiaren inklusibitatea lortzea; besteak beste, kontuan hartzen dugu behar bereziak dituzten haurrek teknologia erabiltzeko zer zailtasun dituzten", azaldu du Lohitzune Txarola Languneren zuzendariak. Hortik abiatuta, Orairekin elkarlanean ezarri ziren AskHezi proiektuaren oinarriak duela hiru urte.

Lankidetza, behar bereziak dituzten umeen gurasoek eskatuta

Behar bereziak dituzten umeen gurasoek eskatuta jarri zen AskHezi proiektua martxan, eta itxaropentsu daude tresna berriarekin: "Ikasketa-prozesu bat beharko dute gure seme-alabek tresna nola erabili, komandoak ikasi eta sistema probatzeko. Baina oso aukera ona zabaltzen zaigu euskarazko ikasketa-prozesuan aurrera egiteko", dio Gabriel Martiarenak (proiektuaren bultzatzaile izan den gurasoetako bat).

AskHeziren sustatzaileek (Ikastolen Elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta Sortzen Elkarteak) balio handia ematen diote proiektua aurrera ateratzeko izan duten lankidetzari: "Euskal Herriko hiru lurralde administratiboetako sare publikoko eta Ikastoletako hainbat ikastetxek bultzatuta lankidetzan aritu gara behar bereziren bat daukaten haurrek euskaraz ikasteko duten eskubidea bermatzeko lanean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Teknologia gaur Nafarroa Iparraldea EAE Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza Umeak Inteligentzia artifiziala