Gizartea -
SUTEA
Zortzi lagun artatu dituzte Galdakaoko etxebizitza batean izandako sutean kea arnasteagatik
Goizaldeko 02:30 aldera piztu da sua Aperribai auzoko bost solairuko etxebizitza batean. Zortzietatik lau Galdakaoko Ospitalera eraman dituzte.
Agentziak| EITB MEDIA
Zortzi pertsona artatu behar izan dituzte osasun-zerbitzuek, eta horietako lau ospitalera eraman dituzte Galdakaoko etxebizitza batean piztutako sute baten ondorioz. Sutea itzali dute dagoeneko.
Segurtasun Sailak azaldu duenez, sua 02:30ean hasi da, Aperribai auzoko bost solairuko bloke baten lehen solairuan.
Bizilagunak etxetik atera dituzte, eta horietako zortzi artatu behar izan dituzte, kea arnasteagatik. Lau Galdakaoko Ospitalera eraman dituzte. Sua kontrolatu ondoren, goizaldeko laurak aldera, auzokideak etxera itzuli ahal izan dira, suteak kaltetutako etxean bizi direnak izan ezik.