Gizartea -

ABISU HORIA

Egun korapilatsua haizeagatik: tren-garraioa etenda, hegaldiak bertan behera eta errepide ugari itxita

Irun eta Gasteiz arteko tren-garraioa etenda egon da ia goiz osoan, eta Bilboko Aireportuan, berriz, 20 hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte. Arratsaldean egoera baretu bada ere, gauerditik goizaldeko seiak arte berriz ere ezarri dute abisu horia haize-ufadengatik.

Bilbo, gaur. Argazkia: EITB Media
Bilbo, gaur. Argazkia: EITB Media

Haize-bolada gogorrek dozenaka gorabehera eragin dituzte Euskal Herrian

0:44

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegun honetan, haizeak gogor astindu du Euskal Autonomia Erkidegoa, eta gorabehera ugari eragin ditu: zuhaitzak eta adaxkak erori dira bideetara eta hiri-altzariak apurtu dira hainbat tokitan. Gertaera gehienak goizean izan dira. Arratsaldean, berriz, Jaizkibel mendian piztu den suteak jarri du arreta gunea.

Guerditik aurrera berriz ezarri du abisu horia Segurtasun Sailak.

Tren-garraioa bereziki korapilatu da, eta Irun eta Gasteiz arteko zerbitzua erabat etenda egon da goizean: aldirikoak eta distantzia ertain zein luzekoak, denak egon dira geldirik. Aurrena, goizeko lehen orduan, Agurain parean, trenbideko segurtasun kameretan izandako gorabeherengatik eten dute zerbitzua. Horiek konpotzea lortu dutenean, zuhaitz bat erori da Altsasu eta Zegama arteko errailetara, eta horrek kaosa eragin du.

Renfek esan duenez, "azpiegituran" arazoak izan dituzte, haizeak eraginda, eta "beste garraiobide batzuk bilatzea" gomendatu die erabiltzaileei. Eguerdia igarota hasi dira pixkanaka zerbitzua martxan jartzen, hasieran atzerapen handiekin. Gipuzkoako Aldiriko zerbitzuetan arratsalde erditik aurrera nabaritu da normaltasuna.

Ibilgailuen joan-etorrian ere izan dute eragina haize-ufadek. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du bigarren mailako bide ugari itxi behar izan dituztela, zuhaitzak erori direlako. Errepideetako langileak bideak garbitzen ari dira han eta hemen, trafikoa bere onera ekartzen laguntzeko.

Halaber, herriguneetako azpiegiturak ere kaltetu ditu haizeak. Bergaran, esaterako, Agorrosin kiroldegiko teilatuaren zati bat altxatu dute goizeko haizeteek, eta kirol-instalazioa itxi egin behar izan dute.

Barakaldon ere, Lasesarreko kirol-instalazioak itxita egongo dira larunbatera arte, udalak jakinarazi duenez, haizeak pabiloiaren estalkiaren plaka batzuk altxatu baititu. Ondorioz, ezin izango da aire zabaleko kirolik egin kanpoko kantxetan, ezta pabiloia erabili ere.

Bestetik, Gasteizen, Ekialde Institutuaren teilatuko hainbat zati altxatu ditu haizeak, eta hezkuntza zentroaren jolastokia eta ingurua (Florida kalearen aldea) itxi egin dituzte.

Prebentzio neurri bezala, Arabako hiriburuko Udaltzaingoak zuhaitzak dituzten hainbat parke ere itxi ditu goizean: Florida, Arriaga, Prado eta San Martin parkeak, hain zuzen.

Urnietan, berriz, Goiburu eta Ergoien auzoetan argindarrik gabe daude, goi-tentsio linean haizeak eragindako kalteengatik.

20 hegaldi bertan behera

Aire-trafikoari dagokionez, berriz, Aenak emandako datuen arabera, orain arte, 20 hegaldi utzi behar izan dituzte bertan behera Bilboko Aireportuan.

Goizeko 07:00etatik 10:45erako tartean Loiun lurreratzekoak edo aireratzekoak ziren hegaldiak dira kaltetutakoak. Santiago, Menorca, Londres, Bartzelona, Sevilla, Alacant eta Malagarako joan-etorriei eragin diete haize-boladek.

Bestalde, Hondarribiko aireportura Madrildik zetorren hegaldi batek ezin izan du lur hartu, eta atzera berriz Barajasera itzuli behar izan du.

Erabiltzaileak, haserre

Egoerak kaosa eragin du geltokietan eta aireportuetan, eta haserre mintzatu dira erabiltzaileak:

Renfeko eta Bilboko aireportuko erabiltzaileak haserre, gorabeherak direla eta
Renfeko eta Bilboko aireportuko erabiltzaileak haserre, gorabeherak direla eta

Renfeko eta Bilboko aireportuko erabiltzaileak haserre, gorabeherak direla eta

0:57

133 km/h-ko ufadak

Atzotik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia izan du ezarrita gaurko 15:00 arte, haizeagatik. Euskalmetek azaldu duenez, orduko 133 kilometrorainoko ufadak erregistratu dira Gasteizko Zaldiaran mendian. 

Ostirala hastearekin batera, gauerditik goizeko 06:00ak arte, berriz ere ezarri du abisu horia Segurtasun Sailak. Haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi ditzakete haizeguneetan, bereziki ekialdeko mendi inguruetan. Kostaldean haize-boladak 80-100 km/h ingurukoak izango dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak