Gizartea -

Etxebizitza

"Eskala handiko" etxebizitza-politika "iraunkorrak" eskatu ditu Denis Itxasok Bruselan

Etxebizitza sozialen parkea handitzea ahalbideratuko duen "iraupen luzeko estrategia" baten beharraz ohartarazi du Europako Parlamentuan Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak.

Denis Itxaso en su intervención en Bruselas. Foto: Irekia.
Denis Itxaso en su intervención en Bruselas. Foto: Irekia.

Denis Itxaso en su intervención en Bruselas. Foto: Irekia.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxebizitza arloan, "denboran iraungo duten inbertsioak eskala handian" egin ditzala eskatu dio Denis Itxasok, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak, asteazken honetan Europako Batzordeari, etxebizitza publikoak eraiki eta Europar Batasuneko hirigune askotan dagoen krisia arintzen laguntzeko.

Itxaso Bruselan izan da, Europako Parlamentuan etxebizitzari buruz egin den bilkura batean parte hartzen. Eskualdeen Garapenerako Batzordeak eta Enplegu eta Gizarte Gaietarako Batzordeak antolatu dute eta Europako hainbat eskualdetako arduradun politiko eta aditu bildu dira, baita hainbat finantza-erakunde ere.

Bere hitzaldian, Itxasok defendatu du tentsionatutako guneak dituzten eskualdeek "denboran iraungo duen estrategia" bat behar dutela, "etxebizitza-parkea handitzeko planak garatu ahal izateko". Ildo horretan, Europar Batasunari eskatu dio helburu argiak ezar ditzala etxebizitzaren arloan, eta etxebizitza sozialen parkea handitzea helburu izango duten funtsak bidera ditzala.

Era berean, azpimarratu du, familia ahulenei arreta eskaintzen zaien arren, etxebizitzaren egungo arazoak "klase ertainei" eragiten diela batez ere; "diru-sarrerak izan arren, halako tentsioa bizi duen merkatuari aurre egiteko zailtasunak" baitituzte. Horrenbestez, parkea hazteko "zeharkako politikak" abian jartzearen alde egin du, "etxebizitza eskuragarriak" sortu daitezen.

Eusko Jaurlaritzako etxebizitza sailaren titularraren esanetan, Europako funtsak jasoko dituzten etxebizitzek "babes iraunkorra" izan beharko lukete, "merkatu librean erori ez daitezen, parke publikoa urriagotu ez dezaten".

Ostegunean ere hainbat bilera egingo ditu Itxasok Bruselan. Besteak beste, Teresa Ribera Trantsizio Garbi, Justu eta Lehiakorrerako Europako Batzordearen presidenteorde exekutiboarekin eta Matthew Baldwin Europako Batzordearen Energia zuzendari nagusiarekin bilduko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Brusela Gizartea Denis Itxaso Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza Europako Parlamentua