Gizartea -
GAS-ISURIA
Salburuako suteak "kalte larriak" eragin ditu zubian, eta zirkulazioa etenda dago
Suhiltzaileak zubiaren egoera aztertzen ari dira, eta ikertzen ari dira zergatik egin zuen eztanda Iliada pasealekuko gas-hodiak.
Agentziak | EITB MEDIA
Gasteizko Salburua auzoan bart piztutako suteak, biribilgunean gas-hodi bat hautsi ostean sortutakoak, "kalte larriak eragin ditu zubian", Iliada pasealekuaren eta Antonio Amat kalearen arteko bidegurutzean.
Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateordeak azaldu duenez, "egiturak jasan duen beroa oso handia izan da eta, beraz, kalte handiak izan dira". Gaineratu duenez, zubiaren "azpiegituran kalte larriak eragin ditu", eta, beraz, Udalak "azterketa zorrotza egingo du, segurtasuna bermatzeko".
Ildo horretan, adierazi du udal teknikariak lanean ari direla goizean goizetik, lehen ebaluazio bat egiteko, eta suhiltzaileek "txosten zehatz bat" egingo dutela, egin beharreko jarduketei buruz.
Azpiegiturak jasandako kalteak aztertu bitartean, Trafiko Zerbitzuak bypass bat egingo du, Arabako hiriburuko eremu horretarako sarbidea bermatzeko. Fernandez de Landak zehaztu duenez, "zubiaren eremua bakarrik moztuko da", Errekabarri eskolara joan-etorria egin ahal izateko.
Udal ordezkariek nabarmendu dute gertakariak ez duela "zauriturik ezta hildakorik" eragin. "Sute larria izan zen. Udaleko babes-zerbitzuek, udaltzainek zein suhiltzaileek, ahalik eta lasterren jardun zuten. Eraginkorrak izan ziren eta sutea ordu eta erdian baino azkarrago itzali zuten. Iberdrolak ere babes-zerbitzu bat ezarri zuen", azaldu du Artolazabalek.
Udaltzaingoa ikertzen ari da gas-hodiak zergatik egin zuen eztanda, eta Udalak ez du "hipotesirik baztertu". "Jakina, hor gas-hodi bat zegoen zubiaren forjatuaren azpian, eta hor gertatu zen sua", gaineratu du Cesar Fernandez de Landa Segurtasuneko zinegotziak.