Gizartea -
ADINGABEEN BANAKETA
Hiru hilabeteko epea izango dute erkidegoek adingabe migratzaileen banaketarako irizpideak negoziatzeko
Erkidegoen ekarpenak Haurren eta Nerabeen Arloko Konferentzia Sektorialean aztertuko dira.
EITB MEDIA
Adingabe migratzaileen banaketarako irizpide berriak jaso zituen atzo Espainiako Gobernuak, Ministroen Kontseiluak onartutako errege-dekretu batean. Orain, erkidegoek hiru hilabeteko epea dute, ekainaren 20ra arte, Nerabeen Arloko Konferentzia Sektorialera euren ekarpenak igortzeko. Adostasunik ez balego, errege-dekretua bere horretan emango du ontzat Konferentziak.
Gaur publikatu da araua Estatuko Aldizkari Ofizialean, eta bihartik indarrean egongo da. Atzerritarren Legearen 35. artikuluaren erreforma bat da atzo onartu zena, eta horren arabera banatuko dira Kanarietan dauden adin txikiko migratzaileak autonomia erkidegoen artean. Nolanahi ere, Kongresuak eman beharko dio behin betiko oniritzia dekretuari.
Irizpide berrien arabera, EAEk 90 adingabe inguru jasoko lituzke, eta Nafarroak, 160. Bi aste eman dizkie Espainiako Gobernuak erkidegoei, migratzaile gazteak hartzeko dituzten baliabideen berri zehatz-mehatz eman dezaten.
15 orriko dokumentuan daude jasota irizpideak, besteak beste, biztanleriaren, per capita errentaren, langabezia tasaren edota erkidegoen baliabideen araberakoak. Victor Torres Lurralde Politika eta Memoria Demokratikorako ministroak ziurtatu zuen dokumentua moldatzeko aukera zabalik dagoela eta horretarako eskumena Nerabeen Arloko Konferentzia Sektorialak duela.
Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzak positibotzat jo zuen adin txikiko migratzaileen banaketarako PSOEk eta Juntsek itxitako akordioa, Euskadi "iparraldeko muga" dela jasotzea falta nabaritu duen arren.