Gizartea -
Glaziarren Munduko Eguna
Infiernos, Vignemale, Aneto eta Perdido, Pirinioetako azken glaziarrak
EITBren Primeran plataformak "Glaziarrak agurtzen" dokumental sorta estreinatuko du ostiral honetan, Glaziarren Munduko Egunarekin bat eginez; izan ere, adituen aurreikuspenen arabera, 2050. urterako ez da glaziarrik geratuko Pirinioetan, eta horretaz ohartaratzea helburu du saioak.
EITB MEDIA
Munduko mendietako glaziar gehienak ari dira klima-aldaketaren ondorioak jasaten, eta Pirinioak ez dira salbuespena. Izotz-galera izugarri bizkortu da azken urteetan, eta ikerlarien arabera, hobera egin ezean, 30 urteren buruan medietako glaziar guztiak desagertuta egongo dira. Pirinioetan, glaziarren galera nabarmena da: 100 glaziar baino gehiago zeuden 1850ean, 39 zeuden 1984an, 21 zeuden 2020an eta 18 zeuden 2022an.
Munduko tenperaturak gora egin ahala, glaziarrak behera egiten ari dira. Zenbait lurraldetan, gainera, gehiago nabaritzen ari dira klima-larrialdiaren ondorioak. Pirinoetako Lan Elkarteak egindako ikerlan baten arabera, mendikateko glaziarren erdiak galdu dira 1983tik, inguru horretako batez besteko tenperatura 1,6 gradu igo da eta % 8 euri gutxiago egiten du orain, duela hamarkada batzuetako datuekin konparatuz gero.
Horrela, Pirinioetan glaziarrak galzorian daude, eta hainbat ikerketak zehaztu dutenez, glaziarrek euren azaleraren heren bat galdu dute hamarkada bakar batean. Monte Perdidon eta Aneton, berbarako, izotz-galera izugarri bizkortu da. Ikertzaileek azaldu dutenez, horixe omen da azken urteotako joera orokorra, Pirinio osoan elur-masak sei metroko lodiera galdu baitu azken hamarkadan. Klimak egungo joerari eutsiz gero, Monte Perdidoko glaziarra 2035erako galduko da.
Anetoko glaziarra, oso glaziar txikia bada ere, Pirinioetako glaziarrik handiena da, baita Europako hegoaldeko handiena ere. Hala ere, klima-aldaketak azkartu egin du galera hori, azken urteetan glaziarren azalera % 64,7 murriztu da.
"Glaziarrak agurtzen" dokumentala, EITBko Primeran plataforman
Glaziarren galeraz kezkaturik, eta 2025. urtea Glaziarren Kontserbazioaren Nazioarteko Urtea dela baliatuz, EITBren Primeran plataformak ostiral honetan "Glaziarrak agurtzen" dokumental sorta estrainatuko du, arazoaz ohartarazteko asmoz. Izan ere, ikertzaileen arabera, egoera iraultzen ez bada, 2050. urterako ez da glaziarrik geratuko Pirinioetan.
Eñaut Izagirre Estibaritz glaziologoak gidatuko du Pirinioetan barrena egingo den abentura, eta Pirinioetan galbidean dauden glaziar nagusietan egingo du geldialdia: Aneto, Monte Perdido, Infiernos eta Ossoueko (Vignemale) glaziarretan.
Bisita horietan punta-puntako teknologia birtuala eta errealitate areagotua izan dute lagun, eta, ondorioz, ikusleak, xehetasun ikaragarri handiz ikusi ahal izango ditu Pirinioetako txoko guzti-guztiak.