Gizartea -
MUGIKORTASUNA
Bizkaiko garraio publikoa mugikorrarekin ordain daiteke dagoeneko Barik Mobile aplikazioarekin
Androidekin funtzionatzen duten telefonoetarako aplikazioa Bizkaiko garraio publiko guztietan erabil daiteke, Renfe, Bizkaia Zubia eta Portugaleteko txalupa eta aldiriko aparkalekuetan izan ezik.
Agentziak | EITB MEDIA
Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) Barik Mobile zerbitzua aktibatu du, txartel digitala deskargatu eta garraio publikoan egindako bidaiak sakelako telefonoarekin ordaindu ahal izateko, garraio erakundeak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Oraingoz, Android sistema eragilearekin soilik erabil daiteke aplikazioa, baina Apple etxearekin lanean ari dira urte amaieran Iphone gailuetan ere aktibatzeko. Zerbitzua baliatu ahal izateko, aplikazioa Google Play Store sareko dendan deskargatu eta NFC teknologia duen gailua eduki behar da.
Erabiltzaileek Barik txartel pertsonalizatua izan beharko dute, eta 15 urte baino gehiago eta 65 urte baino gutxiago. BPGk proba pilotua hasi zuen 2020an 26 urtetik beherako gazteekin, eta orain 65 urte artekoei ere zabaldu die aukera; horrenbestez, Gizatrans titulua dutenek hilabete batzuk itxaron beharko dute oraindik Barik Mobile erabili ahal izateko.
Txartel digitala garraio publiko guztietan erabili ahal izango da, Renfen, Bizkaia Zubian (igarotzeko plataforman), Portugaleteko txalupetan eta Bilboko Metroaren Etxebarri, Leioa, Ibarbengoa eta Ansioko aldiriko aparkalekuetan izan ezik, horietan txartel fisikoa erabiltzen jarraitu beharko baita guneotako makinak egokitu arte.
Barik Mobile aplikazioak informazio zehatza jasotzen du, hala nola egindako azken mugimenduak, kargaren egiaztagiriak, MovEuskadi bidaia-planifikatzailea, Bizkaiko garraioaren mapa eta Barik sistemaren informazio guztia.
Horretarako, alta eman beharko da, eta BPGren aplikazioan eta webgunean sartzeko erabiltzailea eta pasahitza sartu beharko dira. Halaber, txartelak kargatu eta aldi baterako tituluak luzatu ahal izango dira aplikazioaren bidez.
Edozein Barik txartel pertsonalizatzeko aukera dago garraio operadoreen arreta-bulegoetan; horrez gain, webgunerako sarbidea aktibatuko da bertan.