Gizartea -
EUTANASIA
Bartzelonako 24 urteko emakume baten eutanasia babestu du epaile batek, aitak prozesua geldiarazi ondoren
Magistratuak atzera bota du gaztearen aitak aurkeztutako helegitea, eta ebatzi du ez dagoela justifikatuta eutanasia eskaria gelditzea. Dena den, epaia ez da irmoa.
AGENTZIAK | EITB Media
Bizkar-muineko lesioa duen 24 urteko neska baten eutanasia-eskea babestu du Bartzelonako epaitegi batek, haren aitak epaitegietara jo eta pasa den abuztuan heriotza geldiarazi ostean.
Ildo horretan, magistratuak atzera bota du, Abogados Cristianos elkarteak ordezkatuta, gaztearen aitak aurkeztu zuen helegitea.
Bartzelonako gazteak 2024an egin zuen eutanasia eskaera zegokion mediku-batzordearen eta notarioaren aurrean. Horretarako baldintzak betetzen zituela iritzita, Kataluniako Generalitateak onartu egin zion eskaria. Aitak, ordea, epaitegietara jo zuen eta martxoaren hasieran egin zen epaiketa.
Aitak argudiatu zuen alabak buru-osasuneko arazoak zituela eta ez zela bere buruaren gabe. Magistratuak epaian argudiatu duenez, ordea, ez du frogarik aurkeztu desgaitasun psikikoa duela egiaztatzeko.
Are gehiago, epaileak ondorioztatu du ez dagoela justifikatuta aitak alabaren heriotza duina eragozteko egindako eskaera. Gaineratu duenez, psikiatraren txostenaren arabera, nortasun nahasmendua du, baina horrek ez du eraginik bere gaitasunetan.
Dena den, epaia ez da irmoa.