Gizartea -
PROPOSAMENA
Brusela lantzen ari den egur-tximinia eta -berogailuen araudiak kezka sortu du ekoizleen artean eta gizartean
Karbono emisioak gutxitu asmoz, egur-tximinia eta -berogailuei eragiten dien araudia aldatu nahi du, baina ekozleak kexu dira, gaur egun ez baitago proposatutako muga horiek betetzen duen gailurik merkatuan. Zer proposatzen du araudi berriak?
EITB MEDIA
Europar Batasunak egur-tximinia eta -berogailuei eragiten dien araudia aldatu nahi du, karbono emisioak are gehiago murrizteko, eta horrek kezka sortu dute gizartean; izan ere, biomasa bidezko berokuntza-sistema oso errotuta dago Euskal Herrian, bereziki landa-eremua. Karbono emisioak murriztea du helburu proposamenak, eta 2027rako, hau da, bi urteren buruan, gailu horien kutsadura heren bat murriztu nahiko luke Bruselak.
Zalaparta handia eragin du albisteak sektorean, mahai gainean dagoen proposamena oso zorrotza delako. Fabrikatzaileek ohartarazi araudia onartuz gero, Europako gailuen ia % 100 desagertuko liratekeela, eta 11.000 enpresa txikiri eta 200.000 enpleguri eragingo liokeela neurriak. Gainera, berokuntza sistema horiek ekoizten, saltzen eta instalatzen dituzten tokiko industriek erabat aldatu beharko lukete beren negozio-modua.
Proposatzen diren neurri zorrotz horien aurrean, egur-tximinia eta -berogailuen fabrikatzaileek Europar Batzordeari eskatu diote araudi berria orekatuagoa eta bideragarriagoa izan dadin, eta epe errealistagoak izan ditzan, bost urtetik zazpira, gutxienez.
Nolanahi ere, ekoizleen arabera, prentsan argitaratu diren titularrek izua eta zalantza eragin dute gizartean, eta argitu dute mahai gainean dagoena zirriborro bat besterik ez dela, eta, bai, kutsadura gutxitzeko bidean araudi berri bat onartuko dela etorkizunean, baina ez horren neurri zorrotzekin.
Otsaila erdialdean ziren proiektua aurkeztekoak, baina Europar Batasunak atzera egin du, momentuz, sortu den arrabotsa tarteko. Nolanahi ere Europar Batasunetik adierazi dute asmoa ez dela egur-tximinia eta -berogailuak debekatzea, 2022az geroztik indarrean dagoen Ecodesign eredua berrikustea baizik.
Europako Batzordeak klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko eta horiek arintzeko onartutako araudia da Ecodesign, eta produktu jakin batzuen diseinuari eta merkaturatzeari eragiten die, tartean, egur-tximinia eta -berogailuei. Arauak ekoizleei fabrikazio estandar jakin batzuk betetzera behartzen ditu ekoizleak, energia modu eraginkorrean erabiltzeko eta gasen emisioak murrizteko.
Ikusteko dago, beraz, zer neurri hartuko diren egur-tximinia eta -berogailuen afera honetan, baina argi dagoena da aldaketak, egon, egongo direla.