Gizartea -
SMH
'Aita Mari' prest da Mediterraneoko hamabosgarren erreskate misiora itsasoratzeko
Itsas Salbamendu Humanitarioko (SMH) itsasontzia Valentziako portuan dago. Abenduaren 17an porturatu zenetik, mantentze eta prestaketa lanak egin ditu eta sentsibilizazio lanak egiten aritu da, berriro lanean hasi aurretik.
Agentziak | EITB Media
Aita Mari erreskate-ontzia prest dago Mediterraneoko hamabosgarren misioa izango dena abiatzeko. Europako migrazio-itun berria ezarri aurreko azkena izango da gainera; "ontzi humanitarioen erreskate-lanak zigortzea eta kriminalizatzea ahalbidetuko duen ituna" indarrean sartu aurretik egingo duten azkena, alegia.
Itsas Salbamendu Humanitarioko (SMH) itsasontzia Valentziako portuan dago. Abenduaren 17an porturatu zenetik, mantentze eta prestaketa lanak egin ditu eta sentsibilizazio lanak egiten aritu da, berriro lanean hasi aurretik, gobernuz kanpoko erakundeak ohar baten bidez zabaldutakoaren arabera.
Gogorarazi duenez, Valentziako Gobernuak ontziari 80.000 euro eskatu zizkion aurretik ordaindu behar izan ez zituzten tasak ordaintzeko, azken urteotan Vinarosko eta Burrianako portuetan porturatzeagatik. Horren ostean, Aita Marik Valentzian porturatzea erabaki zuen, haren eskumena Estatuko Portuena delako eta haren araudiak laguntza humanitarioko itsasontziei tasak ordaintzetik salbuesten dituelako.
SMHren hitzetan, Bruselak dagoeneko ohartarazi dio Carlos Mazonen gobernuari erreskate-ontziei tasak atzera eraginez kobratzea "legez kanpokoa" izan litekeela, eta, gainera, "Botanic (PSPV-PSOE) garaian indarrean sartu zen araudia urratzen da", horren arabera laguntza humanitarioko ontzi guztiak tasak ordaintzetik salbuetsita baitzeuden Valentziako portuetan.
Gainera, kritikatu du EBko estatu kideek hirugarren herrialdeetan etorkinen "itzulera-zentroak" sortzeko ahalmena izan dezaketela, "Meloni ereduari jarraituz", Europako Batzordeak hala baimentzen badu. "Horrek asiloa eta babesa eskatzen duten pertsonen giza eskubideak etengabe urratzea ekarriko du", azpimarratu du SMHk.
Bestalde, gogora ekarri du kereila bat aurkeztu duela Burrianako (Castello) Voxen eta alderdi horretako Jesus Albiol zinegotzi eta diputatuaren aurka, kalumniak eta irainak egotzita. Izan ere, euskal erreskate-ontzia "beltz-tratularien ontzia" eta "pertsonekin trafikatzen duten mafien beharrezko laguntzailea" dela adierazi zuen.