Gizartea -
Emisio gutxiko eremuak
Emisio gutxiko eremuan etiketarik gabe sartzen diren ibilgailuei isuna jarriko die Donostiako Udalak gaurdanik
Trafikoa % 10 arinduko du neurri horrek. 200 euroko isuna jasoko dute araudia betetzen ez duten ibilgailuek, eta 260 eurokoa bigarrenez araua urratzen dutenek.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Donostiako Udalak bukatutzat eman zuen atzo emisio gutxiko eremuaren egokitzapen fasea, eta gaurtik aurrera lehenengo faseari ekingo dio. Horrek trafikoa % 10 inguru arintzea ekarriko du.
2027ko amaierara arte egongo da indarrean lehen fasea, komunikabideen aurrean Mugikortasun eta Garraio Jasangarriaren arloko zinegotzi Olatz Yarzak eta Ingurumen zinegotzi Iñigo Garciak ostegunean jakitera eman zutenez.
Hiru hilabete iraun du, bestalde, egokitzapen faseak, eta 7.685 ohartarazpen bidali ditu Udalak epe horretan.
Gaurdanik, baina, isunak jasoko dituzte emisio gutxiko eremuetan ingurumen etiketarik edo bereizgarririk gabe dabiltzan ibilgailuen gidariek.
Hain zuzen ere, 200 euroko isuna jasoko dute araudia betetzen ez dutenek, eta 260 eurokoa araua bigarrenez urratzen dutenek.
Hektarea bateko azalera hartzen du mugatutako eremuak, eta hamar sarrera puntu daude bertan matrikulak egiaztatzeko.
Esan bezala, lehen fasea 2025etik 2027ra egongo da indarrean. 2028tik aurrera, B etiketa dutenei ere eragotziko diete sarbidea, salbuespenak salbuespen.
Bestalde, Udalaren webgunean kontsulta daiteke zein ibilgailuk duten emisio gutxiko eremuetara sartzeko baimena.