Gizartea -
ASTRONOMIA
Ilargi-eklipsea: Noiz eta non ikusi odol-ilargia eta argazki onak egiteko gomendioak
Ilargiak kolore gorria hartuko du martxoaren 13tik 14rako gauean, eta Euskal Herrian partzialki ikusteko aukera izango da.
AGENTZIAK | EITB Media
Martxoaren 13tik 14rako gauean ilargi-eklipsea ikusi ahal izango da Euskal Herrian, partzialki bada ere, eta beti ere eguraldiak laguntzen badu.
Ilargi-eklipsea Lurra, Ilargia eta Eguzkia lerrokatzen direnean gertatzen da. Lurraren itzalak Ilargia estaltzen du, eta sateliteak kolore gorrixka hartzen du. Horregatik, odol-ilargia ere deitzen zaio.
Eklipsea begi hutsez ikusi ahal izango da, inolako tresna optikorik ezta iragazkirik behar izan gabe. Ahal bada, altutik eta oskarbi dagoen eremu batetik ikustea komeni da.
Bi fase izango ditu: batetik, ilunantz fasea (Lurraren itzal partziala Ilargiaren gainean jartzen denean) eta erabateko iluntasuna (Lurraren itzalak Ilargia estali eta sateliteak kolore gorria hartzen du).
Telefonoarekin Ilargi eklipseari argazkiak egiteko aholkuak
Ilargiak hartuko duen kolore gorrixka hori kamerarekin harrapatzen ahaleginduko da, segur aski, bat baino gehiago. Eklipsearen bilakaera jarraitzeko aplikazioak erabili daitezke, besteak beste, Google Skymap eta Photophills.
Telefonoarekin argazkia egiteko gomendagarria da tripodea erabiltzea, eta, ahal bada, kameraren Pro modua eta RAW irudi formatua erabiltzea.
Aitzitik, hobe da zooma ez erabiltzea.
Esposizio-denbora konfiguratu behar da: abiadura altuagoan (balio handiak) argi gutxiago sartuko da eta abiadura txikiagoan (balio baxuak), berriz, argi gehiago. Kasu honetan, 1/100 edo 1/60 balioak erabil daitezke.
Azkenik, argazkia ateratzeko timelapse aukeraren alde egitea aholkatzen da. Telefonoak aukera hori ez badu, argazkiak 2-3 segundoan behin ateratzeko aukera aktibatu daiteke.