Gizartea -
Arkeologia
Atapuercan giza espezie berri baten aurpegi-hezurrak aurkitu dituzte: Homo affinis erectus
Europa mendebaldean aurkitutako giza aztarnarik zaharrenak dira, 1,4 eta 1,1 milioi urte bitartekoak. Ikertzaileek argi dute, aurkikuntzak frogatzen du Homo antecessor iritsi aurretik Europa mendebaldean beste espezie bat egon zela.
Agentziak | EITB Media
Atapuercako (Burgos) aztarnategian aurkitutako aurpegiko hezurrak, 1,4 eta 1,1 milioi urte bitartekoak, Europa mendebaldean aurkitutako giza aztarna zaharrenak dira.
Gainera, bere ezaugarriak ez datoz bat Pleistozenoko ezein espezie ezagunekin; giza espezie berria da Europan, eta oraingoz Homo affinis erectus bezala izendatu dute.
Zientzialariek uste dute aurkikuntza honek argi uzten duela, Pleistozeno goiztiarrean, mendebaldeko Europan gutxienez bi espezie izan zirela: Homo affinis erectus, lehenengo kontinentera iritsi zena, eta Homo antecessor, gaur arte mendebaldeko eta erdialdeko Europako giza espezierik zaharrena.
Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa Rosa Huguet Institut Catala de Paleoecologia Humana i Evolucio Social (IPHES-CERCA) erakundeko ikertzaileak zuzendu du, baina Xose Pedro Rodriguezekin (Rovira i Virgili Unibertsitatea), Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionaleko (CENIEH) Maria Martinon-Torres eta Jose Maria Bermudez de Castrorekin eta Atapuercako lantaldeko 30 zientzialari ingururekin elkarlanean aritu da.
Gutxienez duela 1,8 milioi urte hominidoek Eurasia populatu zutela uste da. Mendebaldeko Europan, Atapuerca mendilerroko aztarnategian aurkitu dira giza asentamenduen frogarik zaharrenak.
Fosilik zaharrenak, duela 860.000 urtekoak, Atapuercako Dolina Handia aztarnategian agertu ziren 1994ko udan. Aurkikuntza historikoa izan zen, espezie berri bateko (Homo antecessor) sei gizakiren (bi haur, bi nerabe eta bi heldu) gorpuzkiak aurkitu zituzten.
Gizaki primitibo hori, pertsonen antzeko aurpegi 'lirainago' batekin, gure espeziearen -Homo sapiens- eta neandertalen arbasoa da.
2007an, oraingoan Atapuercako Elefantearen leizean 1,2 milioi urte inguruko giza masailezur bat agertu zen, baina ezin izan zitzaion modu eztabaidaezinean Homo antecessor delakoari egotzi; beraz, beste espezie batekoa izan zitekeela ondorioztatu zuten. "Azkenean Homo 'sp' bezala sailkatu zen, hau da, espezierik gabe", onartu du Rosa Huguetek EFEri egindako adierazpenetan. Urtebete geroago, esku bateko falangea topatu zuten, baina berriz ere ezin izan zitzaion espezie jakin bati esleitu.
Azkenik, indusketa kanpaina askoren ondoren, Atapuercako taldeak bilatzen ari zen pieza aurkitu du: 2022an Elefantearen leizean aurkitutako masailezur bat, 2007an baino 2,5 metro inguru sakonago. "Are zaharragoa zen", nabarmendu du Huguetek.
"Atapuercak historia egin du berriro"
Lantaldeak argi dauka, aurkikuntzak erakusten du Homo antecessor iritsi aurretik mendebaldeko Europan beste espezie bat egon zela: "Kide berri bat dugu giza espeziearen familia-argazkian, eta, argazki lauso samarra bada ere, beste norbait dago. Atapuercak historia egin du berriro", azpimarratu du Martinon-Torresek.
Ikerketak hominido honen testuingurua deskribatzea ere lortu du: "Badakigu baso-eremuak zeudela, ur-iturriekin eta ingurune horretako berezko animaliekin, hala nola kastoreak edo hipopotamoak. Halaber, badakigu klima ez zela oso muturrekoa, hezea eta epela baizik, hurritza bezalako landareekin, oso mediterraneoa baita", azaldu du Huguetek.
Aurkikuntzak, orain, genero berri honen existentzia baieztatuko duten aztarna berriak aurkitzeko erronka planteatzen du. Elefantearen leizean, aztarnategiaren azken zatiak induskatzeko daude (5 bat metro lur), eta horrek "pizgarri honi esker bizpahiru urteko lana oso interesgarria izango dela" aurreratzen du, Huguetek erantsi duenez.
Gainera, duela denbora gutxitik induskatzen ari diren eta potentzial handia duten beste leku batzuetan, Fantasma haitzuloan adibidez, ezin da baztertu gorpuzki berriak agertzea.