Gizartea -
BIZIKLETAK ETA PATINETEAK
Leioak bizikletentzako lehen disuasio-aparkalekua estreinatu du metro geltokian
Datozen hilabeteetan Ansio eta Ibarbengoara hedatuko da ekimena, eta ondoren beste geltoki batzuk etorriko zaizkio atzetik, Bilboko batzuk, besteak beste.
EITB MEDIA
Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) bizikletak aparkatzeko disuasio-aparkalekuak jarri ditu martxan Leioako metro-geltokian. Azpiegitura berriaren helburua herritarrak bizikleta pribatuetan eta patineteetan metro-geltokietara hurbiltzea da, ondoren metroa har dezaten, lasai, ibilgailuak eguraldi txarretik eta balizko kalte edo lapurretetatik babestuta daudelakoan.
Azpiegitura berriak erabilera pribatuko hogei bat bizikleta eta patineterentzako lekua du, izan ere, Bizkaibizi bizikleta publikoen zerbitzu osagarria da.
Datozen hilabeteetan, Ansioko eta Ibarbengoako geltokietan bi aparkaleku gehiago irekitzeko asmoa dute, ibilgailuen aparkalekuak dauden alboan. Ondoren, pixkanaka, Plentzia, Urduliz, Sopela, Algorta eta Etxebarrira zabalduko da, baita Bilboko geltoki batzuetan eta hiriguneetan ere.
Aparkalekuan sartu eta irteteko, Barik txartel pertsonalizatua behar da; horrela, sarrera-guztiak erregistratuta geratuko dira. Barruan, erabiltzaileak giltzarrapoa jarriko dio bizikletari edo patineteari, eta garraio publikoa erabiltzen duen bitartean, bateriak horretarako prestatutako entxufeetan kargatzeko aukera izango du.
Aparkalekuak bertan gertatzen dena bistaratzeko eta grabatzeko kamerak ditu eta hori erabiltzeko, gutxienez bidaia bat egin beharko da metroan. Prezioa doakoa izango da hasieran, zerbitzua ezagutu arte, eta, ondoren, prezio sinbolikoa aplikatuko zaie erabiltzaileei.
Bizikleta edo patinetea gehienez 4 egunez jarraian aparkatu ahal izango da.