Gizartea -
Bizkaia
Gizon bat atxilotu dute sexu-erasoa egin eta sekretuak zabaltzeagatik, Bilbon
Astelehenean atxilotu zuten, pertsona horren kontrako bi salaketa jaso ostean. Antza denez, salatzaileak bi artista gazte dira, eta atxilotua haiekin batera Bizkaiko hiriburura promozio bidaia batean zegoen. Gizon gazteek kamera ezkutu bat topatu zuten komunean.
eitb media
Gizon bat atxilotu zuten aurreko martxoaren 3an, Bilbon, sexu-erasoa egitea eta inoren sekretuen jabe egin eta zabaltzea egotzita, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Ertzaintzak zehaztu du gizonaren aurkako bi salaketa jaso ostean atxilotu zutela astelehenean, eta adierazi du izapideak jada auzitegian daudela.
Antza denez, salatzaileak bi artista gazte dira, eta atxilotua, Kataluniako musika taldeen road managerra, eta haiekin batera Bizkaiko hiriburura promozio bidaia batean zegoen.
Gizon gazteek kamera ezkutu bat topatu zuten komunean, eta Ertzaintzaren aurrean salatu zuten.
Bestalde, Esquadra Mossoek baieztatu dutenez, atxilotua trap talde baten managerra da, eta "ikerketa bat zabalik dago Katalunian inoren sekretuak zabaltzeagatik, hiru biktimak egindako salaketa baten ondorioz". Hala ere, Kataluniako Poliziak ez du managerra nor den jakinarazi.
Argitaratutako hainbat informazioren arabera, atxilotua Kataluniako 31FAM trap taldearen managerra da, eta, ustez, bi artista grabatu zituen Bizkaiko hiriburuko apartamentu bateko bainugela batean, ezkutuko kamera batekin. Horiek salaketa jarri dute.