Gizartea -
Sexu erasoak
Asteartetik aurrera epaituko dute 13 eta 15 urteko bi neskatori Iruñean erasoak egiteagatik akusatutako gizona
Hilaren 11n hasi eta 12an amaituko da epaiketa, Nafarroako Lurralde Auzitegian. 2022ko azaroaren 17an gertatu ziren erasoak, 20:00ak aldera, Arga ibaiaren inguruan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Fiskaltzak 13 urteko espetxe zigorra eskatu du 13 eta 15 urteko bi neskatori Iruñean sexu erasoak egiteagatik akusatutako gizon batentzat.
2022ko azaroaren 22an gertatu ziren bi erasoak, 20:00ak aldera, Arga ibaiaren inguruan. Fiskaltzak bere idatzian jaso duenez —EFE albiste agentziak kontsultatu du—, auzipetuak bazekien bi neskatoen adina.
Dirudienez, 15 urteko neskatoa lo geratu zen, eta erasotzaileak galtzak jaitsi zizkion eta bortxatu egin zuen. Neskatoa erasoa gelditzen saiatu zen, baina alferrik. Laguna esnatu zenean, erasotzaileak atari batera eraman zituen, eta han 13 urteko neskatoa musukatu zuen.
Lehenengo delituagatik, 10 urteko kartzela zigorra eskatu du Fiskaltzak, eta erabateko gaitasungabetzea. Halaber, galdegin du auzipetuak, 15 urtez, 200 metroko tartea gordetzea, eta ezin izatea biktimarekin komunikatu.
Bigarren delituagatik, berriz, 3 urteko zigorra eskatu du, baita 200 metroko tartea gordetzea, eta biktimarekin komunikazioa debekatzea. Gainera, 30.000 euroko kalte-ordaina eskatu du.
Epaiketa astearte eta asteazkenean egingo dute Nafarroako Lurralde Auzitegian.