Gizartea -
Euskara
Iruñeko Haur Eskoletan euskarazko 102 plaza gehiago eskainiko dituzte hiru urteko epean
Plaza berriak Mendebaldean, Printzearen Harresi eskolan eta Donibanen kartzela zaharreko orubean eraikiko den zentroan banatuko dira. Udal gobernuak eta PSNk adostu dute neurria; UPN eta PP, berriz, aurka agertu dira.
EITB Media
Iruñeko Haur Eskoletako Gobernu Batzarrak ostiral honetan onartu du hiru urteko epean euskarazko 102 plaza gehiago eskaintzea. Hori esker, euskarazko plazen eskaintza gaur egungo % 24tik % 31ra igaroko da.
Udal gobernuak eta PSNk adostu dute neurria; UPN eta PP, berriz, aurka agertu dira.
2027–2028 ikasturterako, euskarazko 102 leku berri egongo dira orotara Mendebaldea eta Printzearen Harresi haur-eskoletan, eta Donibanen kartzela zaharraren orubean eraikiko den zentroan.
Hiru eskolek eredu mistoa izango dute (euskara-gaztelania), eta leku berriak modu mailakatuan eskainiko dituzte. Haurrek zikloa aukeratutako ereduan eta ikastetxean osatzea bermatuko da horrela.
2025-2026 ikasturtean, euskarazko 59 leku eskainiko dituzte bi eskola horietan. Mendebaldea haur-eskolak soilik gaztelaniazko eredua eskaintzen du orain, baina eredu mistoa eskainiko du datorren ikasturtetik aurrera. 43 leku izango dira euskaraz eta beste hainbeste gaztelaniaz.
Euskarazko beste 16 lekuak Printzearen Harresi haur-eskolan eskainiko dituzte. Aurtengo ikasturtean, gaztelaniazko hiru talde eta euskarazko bi izan dituzte, eta ingelesa lantzeko jarduerak egiten dituzte talde horietan guztietan. 2025-2026 ikasturtean, berriz, euskarazko hiru talde eta gaztelaniazko bi izango dituzte, eta ingelesa lantzeko jarduerak egingo dituzte guztietan.
Aurreikusitako gainerako 102 lekuetatik 43 2027-2028 ikasturtean eskainiko dituzte, Donibaneko kartzela zaharreko orubean eraikiko duten haur-eskolan.
Hiriko hamahirugarren udal haur-eskola izango da Donibanekoa, eta 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako 86 leku izango ditu, erdiak euskaraz eta erdiak gaztelaniaz.
2024-2025 ikasturte honetan, haur-eskolek 259 plaza eskaini dituzte euskaraz (horietatik 129 ingelesezko jarduerekin) eta 810 gaztelaniaz (horietatik 442 ingelesezko jarduerekin). Guztira, 1.065 plaza daude hiriko hamabi haur-eskoletan, eta % 24 dira euskarazko plazak.
2027-2028 ikasturterako, 1.147 haurrentzako lekua izango da Iruñeko Haur Eskoletan, Donibaneko eskola berriari esker, eta haurren % 31 euskarazko ereduan ariko dira.