Gizartea -
IRUZURRA
Bi pertsona atxilotu dituzte, EAEn eta Galizian 350.000 eurotik gorako iruzurra egitea egotzita
Orain arte, 62 biktima identifikatu dituzte Coruñan, Pontevedran eta Euskal Autonomia Erkidegoan.
AGENTZIAK | EITB Media
Guardia Zibilak bi pertsona atxilotu eta hiru ikertu edo inputatu ditu, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Galizian bizilekua duten hainbat biktimari 350.000 eurotik gorako iruzurra egitea leporatuta.
Delitu hauek leporatzen dizkiete: iruzurra egitea, usurpazioa edo pertsona baten identitatea ordezkatzea, dokumentuak faltsutzea eta kapitalak zuritzea.
Ikerketa 2022an abiatu zuen Guardia Zibilak, Teo (Coruña) udalerriko bizilagun batek bere baimenik gabe bankuan kontu korronte bat zabaldu zutela salatu baitzuen. Horretarako NANaren argazki bat baliatu zuten.
Gaizkileek biktimen izenean kontu korronteak zabaldu eta kreditu txartelak eskatzen zituzten erosketak egiteko eta dirua ateratzeko. Horrez gain, maileguak ere eskatzen zituzten.
Iruzurra egiteko behar zituzten datuak lan-eskaintza faltsuen bitartez lortzen zituzten gaizkileek. Eskaintzan interesa zutenek emandako datu pertsonalak, gerora, kontu korronteak irekitzeko edo kredituak eskatzeko erabiltzen zituzten.
Orain arte, 62 biktima identifikatu dituzte; gehienak, Coruñan, eta baita Pontevedran eta Euskal Autonomia Erkidegoan ere.