Gizartea -

OSASUN-SISTEMA

Mediku faltari aurre egiteko bere proposamena helaraziko dio Martinez sailburuak Osasun ministroari

Bi arduradunek bilera dute gaur Madrilen, 13:00etan. Besteak beste, Lehen Arretako medikuen borondatezko erretiroa 72 urtera atzeratzeko aukera jarriko du mahai gainean Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak.

Alberto Martinezek Portugaleteko anbulatorio batera iaz egindako bisita. Argazkia: EFE
Alberto Martinezek Portugaleteko anbulatorio batera iaz egindako bisita. Argazkia: EFE

Alberto Martinezek Portugaleteko anbulatorio batera iaz egindako bisita. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehen Arretan lan egiten duten medikuen borondatezko erretiroa 72 urtera atzeratzea, lanpostu espezializatuen kopurua handitzea, atzerriko tituluak homologatzea, medikuntza graduko laugarren urteko ikasleek Lehen Arretan lan egiteko bidea erraztea eta Larrialdi eta Emergentzietako espezialitateko epeak laburtzea.

Mediku faltari aurre egiteko, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur Madrilen aurkeztuko dituen neurrietako batzuk dira horiek. Monica Garcia Espainiako Gobernuko Osasun ministroarekin elkartuko da, eta "bere eskumeneko neurriak har ditzala" eskatuko dio. 13:00etan dute hitzordua bi arduradunek.

Joan den hilabetean Martinezek gutuna igorri zion Garciari, premiazko bilera bat eskatuz. Zehazki, mediku faltaren arazoari aurre egiteko Espainiako Gobernuak egin dezakeenaz aritu nahi du berarekin. "Epe laburrean" martxan jar daitezkeen hainbat neurri proposatuko dizkio sailburuak, eta "erabaki irmoak" jaso nahi lituzke bueltan.

Europako hainbat herrialdetan bezala, Lehen Arretako borondatezko erretiroa atzeratzea nahi du Jaurlaritzak, horrek Lehen Arretako mediku faltari aurre egiten lagunduko duela iritzita. Horrekin batera, atzerriko tituluak homologatzea ere Osasun Sailaren proposamenaren lehentasunen artean dago.

Halaber, Larrialdietako espezialitatea egiteko epeak laburtzea eta Lehen Arretan laugarren urteko mediku egoiliarren sarbidea erraztea dira asmoak.

Gasteizeko Gobernuak ohar bidez esan duenez, sailburua "jarrera eraikitzailearekin" eta osasun-sistema publikoa indartzeko "akordioak lortzeko borondatearekin" joango da bilerara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Ongizatea eta osasuna