Gizartea -

JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA

7 urte eta 9 hilabeteko kartzela berretsi diote hiru emakumeri sexu abusuak egin zizkien Bilboko ostalari bati

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du akusatuak Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren epaiaren aurka jarritako helegitea. Lehen instantziako epaitegiak frogatutzat jo zuen ostalariak ukituak egin zizkiela bi langileri eta adin txikiko bati. Epaiari helegitea jar dakioke Auzitegi Gorenean.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza, Bilbon

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 7 urte eta 9 hilabeteko kartzela zigorra berretsi dio Bilboko ostalari bati, emakumezko bi langileri eta adin txikiko neska bati sexu abusuak egiteagatik.

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak frogatutzat jo zuen auzipetutako ostalariak ukituak eta komentario "lizunak" egin zizkiela bi langileri lantokian bertan, eta, epaiaren arabera, emakumeen "behar ekonomikoaz" eta bere "nagusi izaeraz" baliatu zen horretarako. Halaber, frogatutzat jo zuen tabernako sukaldean ere ukituak egin zizkiola.

Lehen instantziako epaitegiaren epaia ezagutu ostean, aipaturiko ostalariak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen. Besteak beste, bere errugabetasun presuntzioa urratu zela eta zigorra ezartzeko oinarri eta froga bakarra salatzaileen lekukotasuna izan zela argudiatu zuen. Horrez gain, salatzaileen testigantzaren sinesgarritasuna ezbaian jarri zuen, eta kontraesanak eta bere aurka egiteko bestelako arrazoiak zeudela esan zuen.

Dena den, bigarren instantziako epaitegiak ez ditu bere argudioak aintzat hartu.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak gogora erakarri duenez, biktimaren lekukotasuna nahikoa izan daiteke, baita froga bakarra baldin bada ere. Kasu horretan, Bizkaiko Auzitegiak logikaren arauak betez jokatu zuela azpimarratu du, eta hiru salatzaileen testigantzak "koherenteak, arrazionalak eta sinesgarriak" izan zirela. Halaber, beraien lekukotza sostengatzen zuten kanpoko elementuak zeudela baieztatu zuen.

Bestalde, EAEko Auzitegi Nagusiak zehaztu du ez dela identifikatu lekukotza horien "fidagarritasuna" zalantzan jar dezakeen "arrazoi faltsurik".

Kartzela zigorraz gain, 5 urteko zaintzapeko askatasuna ezarri diote, eta ezingo da 5 urtez biktimengana 300 metrora gerturatu, ezta beraiekin komunikatu ere.

Hala eta guztiz ere, epaia ez da irmoa, eta horren kontrako helegitea jar dezakete Auzitegi Gorenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Indarkeria matxista Bizkaia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Tabernak Sexu erasoak