Gizartea -
adimen artifiziala
25 lagun atxilotu dituzte adimen artifizialaren bidez sortutako haur pornografiaren kontrako operazio batean
Europol agentziaren arabera, asteon egin dituzte atxiloketak, baina operazioa zabalik dute oraindik, eta 273 susmagarri identifikatu dituzte jada.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gutxienez 25 pertsona atxilotu dituzte Espainian, Danimarkan, Australian eta Erresuma Batuan haur pornografiaren aurka egindako operazio batean. Atxilotuek adingabeen irudiak sortzen zituzten adimen artifiziala erabilita, eta plataforma batean zabaltzen zituzten, ordainketa sinboliko baten truke kontsumitzaileen eskura utzita.
Europol Europako Poliziak koordinatzeko agentziak iragarri duenez, asteon egin dituzte atxiloketak, baina operazioa zabalik dute oraindik, eta 273 pertsona susmagarri identifikatu dituzte jada.
Danimarkako herritar bat zen plataforma horren jabea. Azaroan atxilotu zuten, adimen artifizialarekin sortutako materiala sarean zabaltzea egotzita.
Europoleko zuzendari Catherine de Bollek azpimarratu du irudi horiek oso erraz sor ditzaketela asmo kriminalak dituzten norbanakoek, "nahiz eta teknologia ezagutza handirik ez izan".
Gainera, esan du praktika horrek haurren kontrako sexu abusuak areagotzen dituela, eta "geroz eta zailagoa" dela ikertzaileen lana, erasotzaileak eta biktimak identifikatzeko orduan.
Lehen aldiz hartu du parte Europolek horrelako operazio batean. Bien bitartean, adingabeak babesteko araudia berritzeko lanean ari da EB, adimen artifizialaren bidez sortutako edozein eduki pornografiko adingabeen aurkako sexu abusu gisa har dadin.