Gizartea -
Larhunen ikusi dute
Nafarroako Gobernuak baieztatu du otso bat Lapurdin dabilela
Pirinio Atlantikoetako Prefekturak ere baieztatu du animalia espezie horretakoa dela.
Agentziak | EITB Media
Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritzak baieztatu du, Lapurdiko agintariekin harremanetan jarrita, joan den larunbatean Azkainen (Lapurdi), Larhungo mendigunean, mugaren beste aldean, ikusitako animalia "otso bakarti" bat zela.
Ingurumeneko teknikariak eta basozainak egoeraz interesatu ziren, mendizale batek grabatutako eta joan den larunbatean Sud Ouest egunkariak argitaratutako bideoaren ondoren.
Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, inguru horretan otso bat izan zitekeela ohartarazi zuten egunkarian. Otsoa, nolanahi ere, bakarrik eta noraezean dago.
Biodibertsitatearen Frantziako Bulegoa ikertzen ari zen, eta gaur Pirinio Atlantikoetako Prefekturak baieztatu du animalia espezie horretakoa dela.
Zaintza eta jarraipen espezifikoa
Ingurumen Sailak ez du Nafarroan otso baten presentziaren berririk, baina zaintza martxan jarri du, jarraipen espezifikoa eginez, eta, aldi berean, harremanetan dago Lapurdiko agintariekin, informazioa koordinatzeko eta sor daitekeen edozein datu berri biltzeko.
Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak informazioa emango die inguruko abeltzainei, Nafarroan otsoren bat ikusiz gero, neurriak hartzeko.
1995eko Espezie Mehatxatuen Katalogoan jada desagertuta dagoen espezie bezala jasotzen da otsoa Nafarroan, baina mende bat baino gehiago da ez dagoela otso talde finkorik, lurraldea zeharka dezaketen ale bakarti gutxi batzuk kenduta.
Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak (EHNE) asteazkenean ohartarazi zuenez, "otsoa gero eta gertuago dago Nafarroatik". "Denbora gehiegi daramagu otsoa badatorrela esaten, eta hemen daukagu. Arabako eta Bizkaiko mendebaldean dago eta, azken gertakariak ikusita, badirudi Nafarroatik gero eta hurbilago dagoela", errepikatu zuen atzo sindikatuak ohar batean.