Gizartea -

COVID IRAUNKORRA

Abian da covid iraunkorraren Basurtuko Ospitaleko unitatea

Helburua da COVID-19aren sintoma iraunkorrak eta horiek osasunean kalteak eragin dituzkietenei arreta indibidualizatua, integrala eta diziplina anitzekoa ematea eta bermatzea. Covid iraunkor konplexua eta larria duten pazienteak artatuko dituzte.

Isabel Delgado, covid iraunkorreko gaixoa. Argazkia: EITB
Isabel Delgado, covid iraunkorreko gaixoa. Argazkia: EITB

Covid iraunkorra duten gaixoentzat ''garrantzitsuena diagnostiko argia lortzea da''

1:53

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak Euskadiko covid iraunkorraren Unitatea aurkeztu du. Unitatea dagoeneko hasi da pazienteei aurrez aurreko kontsultarako hitzordua ematen, eta kasu larriak eta konplexuak dituzten gaixoak artatuko dituzte bertan. Eusko Jaurlaritzako Osasune sailburu Alberto Martinezekin batera long covida duten pazienteen euskal elkarteetako eta unitatea EAEko hiru lurraldeetan kudeatuko duten zerbitzuetako mediku taldeen ordezkariak izan dira.

Euskadiko covid iraunkorraren Unitatea Basurtuko Unibertsitate Ospitalean egongo da patologia hori diagnostikatzeko eta tratatzeko. Gainera, espezialista talde bat izango du, bai Gipuzkoan, bai Araban. Espezialista horiek sarean lan egingo dute Euskadiko beste osasun-zentro batzuekin, kasu larriak eta konplexuak dituzten pazienteak tratatzeko. Unitateak hiru lurraldeei emango die zerbitzua. Basurtuko erreferentziazko unitate hori Neurologia Zerbitzuaren ardurapean egongo da, eta barne-medikuntzako, pneumologiako, errehabilitazioko eta psikiatriako taldeek ere parte hartuko dute. Gainera, beharrezkoa izanez gero, beste espezialista batzuei ere egingo zaie kontsulta.

Unitateak covid iraunkor konplexua eta larria duten pazienteak artatuko ditu astero. Datozen asteetan berrogeita hamar paziente inguru deituko dituzte. Osasun sailburuak adierazi duenez, "helburua da COVID-19aren sintoma iraunkor edo ondorio larriak dituztenei arreta indibidualizatua, integrala eta diziplina anitzekoa ematea eta bermatzea, haien bizi-kalitatea hobetzeko, errekuperazioa sustatzeko eta tratamendu pertsonalizatua emateko". Gainera, unitateak Osakidetzako gainerako osasun-erakundeekin lan egingo du sarean, pazienteei Erkidegoan ematen zaien arreta homogeneizatzeko. Halaber, ekitatea bermatuko dute arretan.

Irizpide komunak ezartzeko, deribazio-irizpideak jasotzen dituen dokumentu bat landu da. Bizkaian, kasuak lehen mailako arretatik edo ospitaleko espezialitateetako kontsultetatik bideratu ahal izango dira, zerbitzuen arteko kontsulta baten bidez. Gipuzkoan eta Araban, berriz, lurraldeak izendatutako erreferenteen (barne-medikuntzako fakultatiboen) bitartez bideratuko dira hautatutako kasuak.

Covid iraunkorra (long covid edo "covid-19aren osteko sindrome" ere deitutakoa) SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzio baten ondoren sortzen den egoera klinikoa da, gutxienez 3 hilabetez, modu jarraituan, aldizka edo progresiboki irauten duena eta organo eta sistema bat edo gehiago kaltetzen dituena. Horrek zaildu egiten du diagnostikoa eta tratamendua, ez baita ezagutzen zerk eragiten duen sintomak denboran luzatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Basurtuko ospitalea Koronabirusa