Gizartea -
Bonba-abisuak
Eskolak bertan behera Valentziako hainbat ikastetxetan, bonba-mehatxu mezuak jaso dituztelako
"Buru-nahasmenduak" dituen gizon bat atxilotu dute udalerri horietako ikastetxeetan jasotako posta elektronikoaren egile gisa identifikatu ostean. Bertan, lehergailuak jarrita "ahal beste pertsona" hiltzeko asmoa zuela adierazten zuen.
Agentziak | EITB Media
Valentziako Chiva, Yatova, Siete Aguas eta Buñol udalerrietako hainbat ikastetxek eskolak bertan behera utzi dituzte ostegun honetan, bonba-mehatxuak jaso dituztelako, mezu elektronikoen bidez.
Guardia Zibilak gaur goizean jakinarazi duenez, gizon batek Valentziako lau herritako ikastetxeetara bidalitako mezu elektroniko batzuei buruzko ikerketa abiatu du. Bertan, lehergailuak jarrita "ahal beste pertsona" hiltzeko asmoa zuela adierazten zuen.
Horren ondorioz, Guardia Zibilaren hainbat unitate aktibatu dira ikastetxe horietan, prebentzioz, eta ikerketari ekin diote posta elektroniko horien egilea topatzkeo.
Jose Antonio Rovira Hezkuntza kontseilariak jakinarazi duenez, egileak bere burua "764 izenez ezagutzen den lineako talde bateko kide" gisa identifikatu du, 23 urte ditu, Turisko bizilaguna da eta Paternako arreta psikologikorako zentro batean atxilotu dute.
Rovirak hedabideen aurrean adierazi duenez, bidalitako mezuak "izua eragin du" eta ikasleen familiak "oso urduri" egon dira. Pilar Bernabe Gobernuko ordezkariak emandako informazioaren arabera, badirudi atxilotuak buru osasuneko arazoak dituela.
Mezuak jaso bezain laster, Udalek eskolak bertan behera uztea erabaki dute. Hala ere, Hezkuntzako Lurralde Zuzendaritza ikastetxeekin harremanetan jartzen hasi da, normaltasuna berreskuratu ahal izateko.