Gizartea -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Zupiriak ukatu egin du Donostian atxilotu zuten emakumearen kasuan "indarra modu desegokian" erabili zela

Ertzaintzaren jokabidean akats bakarra, Segurtasun sailburuaren arabera, emakumea atxilotu eta zuzenean erietxera ez eramatea izan zen.

Bingen Zupiria, gaur, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Bingen Zupiria, gaur, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

Bingen Zupiria, gaur, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den otsailaren 2an Donostian atxilotu eta ZIUn amaitu zuen emakumearen kasuaz azalpenak eman ditu, gaur, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak, berak hala eskatuta, Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasunaren Batzordean. 31 urteko emakume kolonbiarrak salatu zuen Ertzaintzak bortizki kolpatu zuela Donostiako Chanel diskotekaren kanpoaldean, bikotekidea defendatzera joan zenean.

Gertakarien kontakizun xehea egin ondoren, EAEko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeak egindako lehen ikerketaren ondorioak azaldu ditu sailburuak.  Horien arabera, gertakarietan parte hartu zuten ertzainen lekukotzak kontuan hartuta, "ezin da ondorioztatu agenteek indarra modu desegokian edo gehiegikeriaz erabili zutenik", ez kalean esku hartu zutenek, ezta komisarian emakumea zaintzeaz arduratu zirenek ere.  

Halere, Zupiriaren arabera, bada atxiloketa-prozeduren araudira egokitzen ez den jokabide bat. Atxiloketa indarra erabilita egiten den kasuetan edota preso hartutako pertsonak "lesioak, alterazio psikikoak edota abstinentzia sintomak" baditu, pertsona hori "nahitaez" osasun-zentro batera eraman behar dela dio araudiak. Kasu honetan, ertzain-etxera eraman zuten. "Ez daukat azalpenik akats edo zabarkeria horretarako", esan zu Zupiriak, eta erantsi du "abian dauden ikerketek eta justizia-auzitegiek finkatu" beharko dutela gertatutakoaren "arrazoia edo erantzukizuna".

Gertakariak

Otsailaren 2ko gertakarien atestatuan jasotakoaren kontakizuna egin du Segurtasun sailburuak. Horren arabera, bi gizonezkoren arteko liskar bat bideratzera joan zirenean, emakume batek "modu erasokorrean", "bere onetik aterata" eta "mozkortuta" agenteei kargu hartu zien, behin eta berriz. Egoera horren aurrean, ertzainetako batek "borra modu proportzionatuan erabilita" eskuineko izterrean "kolpatu" zuen emakumea. Egoerak okerrera egin, eta azkenean, beste agente batek emakumeari bizkarraldetik heldu, lurrean utzi eta esku-burdinak jarri zizkion. 06:12 inguruan izan zen hori.

Handik 25 bat minutura, autoan sartu eta komisaldegira eraman zuten, bertan identifikatzeko. Behin ertzain-etxean, emakumearen egoerak "hobera" egin zuela eta "geroz eta azalpen koherenteagoak" eman zituela dio atestatuak, baina egun bereko 14:30 inguruan, agente bat ohartu zen emakumea "gorputzaren ezkerreko aldea ezin mugitu" zegoela. Orduan erabaki zuten Donostiako Ospitalera eramatea.

Hurrengo egunean, otsailaren 3an, erietxeko langileek jakinarazi zioten Segurtasun Sailari emakumea ZIUn ingresatu zutela.

Ikerketa

Bere agerraldian, Zupiriak gogorarazi du "gutxienez hiru ikerketa lerro" daudela zabalik. Batetik, liskarrean atxilotutako gizonezkoak Donostiako Udaltzaingoaren aurrean Ertzaintzaren jardueraren aurka jarritako salaketa; bestetik, Ertzaintzaren Kontrol eta Gardetasun Batzordeak zabaldutako ikerketa; eta azkenik, Ertzaintzaren Barne Arazoetarako Burutzak irekitakoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Gizartea Eguneko albisteak Albisteak