Gizartea -
GERTAKARIA
Mitika diskotekaren atarian hildako gaztea omentzeko ekitaldia egingo dute gaur Mendizorrotza kiroldegian
Gertakariarekin lotuta atxilotutako diskotekaren atezaina behin-behinean espetxeratzea agindu zuen Gasteizko Instrukzio Auzitegiko epaileak. Hilketa edo homizidio delitua leporatu diote.
EITB MEDIA
Joan den igande goizaldean Gasteizko Mitika diskotekaren atarian hildako gaztea omentzeko ekitaldia egingo dute gaur, 18:00etatik aurrera, Mendizorrotza kiroldegian. 31 urteko gizonezkoa oso ezaguna zen Arabako saskibaloi munduan. Buruan kolpe bat jaso, lurrera erori eta bihotz-biriketako geldialdiak jota zendu zen.
Gertakaria izan eta berehala, diskotekako atezaina atxilotu zuen Ertzaintzak, berak eman ziolakoan gazteari kolpea buruan. Asteartean eraman zuten epailearen aurrera, eta deklarazioa hartu ondoren, Gasteizko Instrukzio Auzitegiko epaileak behin-behinean espetxera bidali zuen, hilketa edo homizidio delitua egotzita.
EITB Mediak baieztatu duenez, 24 urte ditu atxilotutako gizonak eta arte martzialetan aditua da. Ez du aurrekari penalik, baina ikerketako iturrien arabera, haren kontrako salaketa ugari egon dira, antzeko gertakariekin lotuta. Martxoaren 12an epaiketa bat du, lesio delituengatik.
Gertatutakoa argitzeko, ikerketa zabalik du Ertzaintzak. Segurtasun-kameren irudiak aztertzen eta lekukoei deklarazioa hartzen ari zaizkie.