Gizartea -
TURISMOA
Tasa turistikoak gure inguruan: non eta zenbat?
Katalunian bisitariek eguneko euro bat eta 3,50 euro artean ordaindu behar izaten dute. Balearretan, euro bat eta 4 euro artean.
EITB MEDIA
Gaur-gaurkoz tasa turistikoa Estatuko bi erkidegotan besterik ez dago indarrean.
Batetik, Katalunian bisitariek eguneko euro bat eta 3,50 euro artean ordaindu behar izaten dute. Kopurua ostatu motaren araberakoa da. Bildutakoaren % 50 Generalitateak jasotzen du, eta, gainerakoa, tokian tokiko udalak.
Bigarren erkidegoa Balearrak dira. Bertako gobernuak ezarritako tasa da eta hori arduratzen da bildutako dirua kudeatzeaz. Bisitariek eguneko euro bat eta 4 euro artean ordaindu behar izaten dute, han ere ostatu motaren arabera.
Zein momentutan ordaintzen da tasa turistikoa? Ba, erreserba egitean izan daiteke, baina gehienetan check-ina edo check-outa egiteko unean.
Katalunian bada kasu berezi bat: Bartzelona, hiriburua. Han, bi tasa dituzte: Generalitatearena eta udalak ezartzen duen gehigarria.
Udalak turista bakoitzari 4 euro kobratzen dizkio hirian ostatu hartzeagatik. Beraz, Bartzelonara bidaiatzen duen pertsona bat 5 izarreko hotelean egonez gero, tasa turistikoa eguneko 7,5 euro ordaintzera irits daiteke.
Bada beste kasu deigarri bat, Kanaria Handiko Puerto Mogan herrikoa. Kanarietan ez dago tasarik, baina Moganeko udalak berea ezarri berri du. Kasu horretan, bidaiari bakoitzak eguneko 0,15 zentimo ordaindu behar ditu.
Europan, Grezian luxuzko hotel batean gaua igarotzea 10 euroko tasa turistikoa izan lezake. Santorinira itsas-bidaialdian iristea, 20 eurokoa. Erroman tasa hori hiru eta zazpi euro artekoa da. Parisen, kanpina erabiltzeak bi euroko tasa dakar, baina luxuzko ostatuetan tasa turistikoa 16 eurora igo daiteke pertsona eta gau bakoitzeko.