Gizartea -

Gipuzkoa

Pintaketa xenofoboak agertu dira Irungo Adiskidetuak elkartearen bulegoan

Bulego horrek aholkularitza ematen die pertsona migratzaileei, eta Eusko Jaurlaritzaren Aholku atzerritarrei arreta juridikoa emateko sarearekin lankidetzan aritzen da.

Pintadetako bat, Irunen (Gipuzkoa). Argazkia: EFE
Pintadetako bat, Irunen (Gipuzkoa). Argazkia: EFE

Pintadetako bat, Irunen (Gipuzkoa). Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru pintaketa xenofobo agertu dira Adiskidetuak elkarteak Irunen (Gipuzkoa) duen lokalean. Elkarteak aholkularitza juridikoa eta lan-arlokoa ematen die pertsona migratzaileei, eta Eusko Jaurlaritzaren Aholku atzerritarrei arreta juridikoa emateko sarearekin lankidetzan aritzen da.

Pintaketa, 'Stop inmigracion' eta 'Fuera moros' esaldiekin, gaztelania hutsean, Uranzu kaleko eta Palmera Montero eraikineko hormetan zeuden. Eraikin horretako bigarren solairuan Adiskidetuak eta beste elkarte batzuk daude, baina hori da pertsona migratzaileekin lan egiten duen bakarra.

Karla Zavala elkarteko idazkariak azaldu duenez, gaur goizean egin dute topo pintaketa horiekin, eta gertatzen zaien lehen aldia denez, beste sare batzuetako lankideekin harremanetan jarri dira, nola jokatu jakiteko.

Udaltzaingoak bere gain hartu du kasua, eta, beraz, ez dute salaketarik jarri Ertzaintzaren aurrean. Gaur goizean hasi da Udala pintaketak garbitzen.

Pintaketa horietako bat, Irunen (Gipuzkoa). Argazkia: EFE

Pintaketa horietako bat, Irunen (Gipuzkoa). Argazkia: EFE

Elkartearen lokalera Ignacio Fariña Eusko Jaurlaritzako Etorkinen Harrera eta Integrazioko zuzendaria joan da, eta Gorka alvarez Giza Eskubideetako zinegotziarekin eta Iosu Iguiñiz Gizarte Ongizateko zinegotziarekin bildu da.

Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak gaitzetsi egin du "erasoa", eta "besarkada handi bat" bidali die bulegoan zeuden pertsonei —hiru emakume; horietako bi, abokatuak, Karla Zavalak adierazi duenez—.

Gobernu Kontseiluaren ostean egindako prentsaurrekoan, Melgosak ohartarazi du Euskadi ez dagoela "populismo xenofoboetatik libre", "demagogiaren bizkar hedatzen direlako". Hala ere, goraipatu du euskal herritarrek "beti modu batu eta solidarioan" erantzun dietela pertsona migratzaileen beharrei.

Bestalde, Irungo Udalak "erabat" arbuiatu du eraso xenofobo hori, eta azpimarratu du ez dutela lekurik egungo gizartean, "bizikidetza oztopatzen dutelako".

Bizkaiko eta Arabako Aholku sareko kideek ere pintaketak kritikatu dituzte, eta babesa adierazi diete Irungo bulegoko langileei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Gipuzkoa Arrazismoa Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Ultraeskuina