Gizartea -
EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA
Euskal Herriko Mugimendu Feministak faxismoaren aurkako aliantza feministak aldarrikatuko ditu martxoaren 8an
Martxoaren 8ko manifestazio handienak Euskal Herriko bost hiriburutan egingo dituzte: Baionan (17:00), Bilbon (18:00), Donostian (12:30), Gasteizen (12:30) eta Iruñean (13:00).
AGENTZIAK | EITB Media
Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, martxoaren 8an kalera ateratzeko deia egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak.
Gaur goizean Iruñean egin duten ekitaldian, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren izenean, Amaia Zubieta eta Kenia Cordero kideek azaldu dutenez, urtez urte geroz eta gehiago dira kalera ateratzeko arrazoiak, eta emakumeek, transek eta bollerek jasaten dituzten "zapalkuntzak" aipatu dituzte, besteak beste.
Martxoaren 8ko mobilizazio nagusiak Euskal Herriko bost hiriburutan egingo dituzte: goizean, Gasteizen (12:30ean, San Antonetik), Donostian (12:30ean, Antiguako tuneletik) eta Iruñean (13:00etan, Antoniutti parketik); arratsaldean, Baionan (17:00etan, geltokitik) eta Bilbon (18:00etan, Jesusen Bihotza plazatik).
Euskal Herriko Mugimendu Feministak "eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada" salatu du hainbat esparru eta sektoretan, hala nola "sare sozialetan, prentsan, kalean, diskurtsoetan eta proposamen politikoetan". "Ezkerreko sektore batzuetan ere ari gara ikusten feminismoarekiko kontrako jarreren eta diskurtso arrazisten gorakada", gaineratu du.
Gainera, indarkeriak erakusten dituen askotariko aurpegien aurrean, "indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea" nabarmendu du mugimendu feministak.
Urtez urte egindako borrokak orain gutxi "pentsaezinak" ziren lorpenak posible izatea ahalbidetu duela azpimarratu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Hala ere, adierazi dute ez dela erraza izan: "Mugimendu feministak urrats bat egiten duenean, oldarraldi erreakzionario bat jasotzen dugu bueltan, beren pribilegioak kolokan ikusten dituztenen aldetik".
"Beraz, har ditzagun kaleak eta oihukatu dezagun ozen nazkatuta gaudela. Segi dezagun aliantzak eraikitzen oldarraldiz beteriko garai hauetan. Elkartu gaitezen, saretu gaitezen, herriz herri eta asanbladaz asanblada", esanez egin dute kalera ateratzeko deia.