Gizartea -
SENTENTZIA
13 urte eta 6 hilabeteko espetxea ezarri diote Mario Lopez entrenatzaile ohiari, sexu-eraso jarraituengatik
Epaileak probatutzat eman du gutxienez 50 alditan elkartu zela Lopez adin txikikoarekin, eta horietan "sexu-izaerako jokabide ugari" izan zituela entrenatzaileak. Gainera, probatutzat jo da gero eta sarriago egiten zizkiola erasoak, eta gero eta bortziagoak zirela.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak 13 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Mario Lopez Gernikako nesken saskibaloi talde bateko entrenatzaile izandakoari, adin txikiko bati modu jarraituan sexu-erasoak egitea leporatuta. 1998 urtean hasi ziren erasoak, eta 3 urte eta erdi inguru iraun zuten: biktimak 13 urte zituen eta auzipetuak 31.
Epaileak probatutzat eman du gutxienez 50 alditan elkartu zela Lopez adin txikikoarekin, eta horietan "sexu-izaerako jokabide ugari" izan zituela entrenatzaileak. Gainera, probatutzat jo da gero eta sarriago egiten zizkiola erasoak, eta gero eta bortziagoak zirela.
Halaber, aldeei gaur jakinarazi zaien ebazpenean ondorioztatu da biktimak zuen "egoera pertsonala eta familiarra" baliatu zuela entrenatzaileak erasoak egiteko, bien arteko adin aldeak eta entrenatzaile izateak ematen zion "botere posizioa" erabili baitzituen. Biktimak harekiko zuen "beldurra" ere erabiltzen zuen.
Baimenik ez
Epaiak dio erasotzailearekiko zuen "menderakuntza" egoeraren ondorioz hartu zuela parte biktimak topaketa horietan, eta ez bere borondatez.
Ondorio horretara iristeko, Auzitegiak salatzailearen lekukotza hartu du kontuan. Koherentea, kontakizun logikoa, testuinguruaren azalpen argia eta kontraesanik gabea. Horiek dira, besteak beste, epaileak neskaren deklarazioari buruz esandakoak.
Horrekin batera, epaileak iritzi dio Balorazio Integralerako Auzitegiko Unitateak eta hainbat lekukok egindako deklarazioek baieztatzen dutela biktima garai hartan "babesgabetasun" eta "mendekotasun" egoeran zegoela eta entrenatzaileari "beldurra" ziola.
Bestalde, auzipetuaren "ziurtasun eza" ere agerian geratu zen epaiketan, sententziaren arabera. Bere lehen deklarazioan ukatu egin zuen sexu-harremanik izan zuenik adin txikikoarekin, eta ondoren, ahozko epaiketan, "muxuak eta ukituak" onartu zituen, bere hitzetan, "denak baimendutakoak".
"Bortxa eta larderia" erabilita, salatzailearen borondatea urratu egin zela dio epaileak, eta argi azaldu du biktimak inoiz ez ziola entrenatzaileari baimenik eman sexu- harremanak izateko.
Helegitea
Hori guztia dela eta, 13 urte eta 6 hilabeteko zigorra ezarri diote Lopezi, sexu-eraso jarraituak egiteagatik. Astungarri gisa jo da biktima bereziki zaurgarria izatea. Adin txikikoen entrenatzaile izateko inhabilitazioa ere ezarri diote, kartzelaldiak irauten duen denboran.
Horrez gain, eragindako minagatik 80.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio neskari, eta espetxe-baimenekin kalera ateratzen denean, bost urtean ezingo du biktimaren bizilekura gerturatu (300 metroko urruntze-agindua).
Ebazpenari helegitea jartzeko aukera dago EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.
Biktimaren abokatua: "Bi ordu eta erdi eman ditugu negarrez, eta, gero, oso ondo"
Epaia baloratu gabe, Arantxa Perez biktimaren abokatuak esan du zigor hori espero zutela eta gaztea "indarberrituta" sentitu dela epaiketan zehar.
Perezek esan du "oso pozik" daudela zigorrarekin. "Bi ordu eta erdi eman ditugu negarrez, eta, gero, oso ondo", gaineratu du. "Gertatu den guztiaren ondoren, pozik dago", adierazi du, biktimaren aldarteari erreferentzia eginez.
Gainera, akusazio partikularraren abokatuak Justizia Administrazioa goraipatu du eta "pertsona askoren" lana eskertu du, "ez baita bide erraza, baina eginerrazagoa izan da haiei esker".