Gizartea -
Matxismoa
Ikerketa baten arabera, emakumeek oztopo handiei egin behar diete aurre oraindik goi-mailako sukaldaritzan
Bizkaiko Foru Aldundiak Euskal Gastronomia Akademiarekin lankidetzan egindako azterlan baten arabera, inkestatutako ikasleen % 46,5ek eta sukaldari profesionalen % 87,5ek uste dute sektorean ez dagoela aukera-berdintasunik emakumeentzat eta gizonentzat.
EITB Media
Bizkaiko Foru Aldundiko Enpleguko, Gizarte Kohesioko eta Berdintasuneko Sailak Euskal Gastronomia Akademiarekin lankidetzan egindako azterlan batek (Deustuko Unibertsitateak garatu du) berresten duenez, emakumeak ikusezin bihurtzea, haientzat aukerarik ez egotea eta bizitza pertsonala eta profesionala uztartzeko zailtasunak oztopo handiak dira oraindik emakumeentzat goi-mailako sukaldaritzan.
Gainera, ikerketak erakusten duenez, elkarrizketatutako sukaldaritzako ikasleen % 64,3k eta sukaldari profesionalen % 87,5ek amatasuna aipatzen dute goi-sukaldaritzan emakume gutxiago egotearen eta beren ibilbideetan galga bat izatearen arrazoi nagusietako bat, hurrenez hurren.
Bizkaiko Artxanda, Leioa eta Galdakaoko ostalaritza eskoletako ikasleek eta Gipuzkoako Cebanc eta Aiala eskoletakoek parte hartu dute azterlanean.
Teresa Laespada Enpleguko, Gizarte Kohesioko eta Berdintasuneko foru diputatuak gaur emandako prentsaurrekoan adierazi duenez, ikerketak "emakumeek goi mailako sukaldaritzan duten presentzia" aztertu nahi izan du, edo, agian, "mendeetan" emakumeen mundua izan arren zergatik "ez diren nagusi" aztertu nahi du; izan ere, "sukaldaritza izarren arte bihurtzen denean, emakumeak agertokitik desagertzen dira". "Zer dago horren atzean? Zer gertatu da eta zer gertatzen ari da?", hausnartu du.
Aurkeztutako ikerketaren arabera, "amatasuna egiturazko oztopo bat da oraindik ere", diputatuaren arabera, eta inkestatutako ikasleen % 64,3k (100 baino gehiago, guztira) uste dute hori dela goi-mailako sukaldaritzan emakume baino gizon gehiago egotearen arrazoi nagusia; aldiz, ikerketan parte hartu duten sukaldari profesionalen % 87,5ek (zortzi, guztira) adierazi dute amatasuna galga bat dela beren ibilbideetan.
Botere-egitura
Aurkeztutako azterlanaren arabera, inkestatutako ikasleen % 46,5ek eta sukaldari profesionalen % 87,5ek uste dute sektorean ez dagoela aukera berdintasunk emakumeentzat eta gizonentzat.
Gainera, ikasleen % 50ek eta profesionalen % 62,5ek uste dute emakumeek goi-mailako sukaldaritzan nabarmentzeko aukera gutxiago dituztela, eta horrek "emakumeen hazkunde profesionalari oztopoak ezartzen dizkion lan-ingurunea islatzen du", azaldu du diputatuak.
"Sukaldaritzako ikasleen % 92,8rentzat, botere-egiturak emakumeak buruzagi lanpostuetara heltzea mugatzen jarraitzen du. Botere-egitura, hausnarketa egin beharra dugu", gaineratu du diputatuak.
Emakumeen izena duten 18 izar bakarrik
Laespadak emakumeak sukaldaritza tradizionalean duen papera aldarrikatu du, baita sukaldari askoren inspiratzaile gisa ere; izan ere, "ez dago gizonezko sukaldaririk bere grinaren jatorria etxeko sukaldean aipatzen ez duenik amarekin, amonarekin, izebarekin, senideekin". "Baina emakume haiek ezkutuan, eta gizonak izar aparren artean", deitoratu du.
"Sariak iristen direnean eta izarrak iristen direnean, albistea beti da Euskadik lortzen dituenen kopurua", edo lurraldea "abangoardia" dela esatean, hausnartu du, baina "inork ez du planteatzen zergatik ez dagoen emakumerik izarren artean". Espainiako Estatuan Michelin izarra duten 195 jatetxeetatik, 18k baino ez dute "emakume izena", % 9,2k.