Gizartea -

M8

Berdintasuna lortuta dagoela dioten mezuei aurre egitea, Nafarroako Gobernuak M8ko kanpainaren ardatz

'Ez zaitzatela nahasi… Gezur Matxistekin' lelopean, kanpainak datu eta txosten ofizialak baliatzen ditu feminismoak lortutako aurrerapenen kontrako gorroto diskurtsoei pentsamendu kritikoaren bidez aurre egiteko.

Manifestazio feminista bat. Artxiboko argazkia: EFE
Manifestazio feminista bat.

Manifestazio feminista bat. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurtengo martxoaren 8rako, Emakumearen Nazioarteko Egunerako, kanpaina instituzionala prest du Nafarroako Gobernuak, eta oraingo honetan gizonen eta emakumeen artean jada desberdintasun sozialik eta ekonomikorik ez dagoela esaten duen ideia gezurtatzea hartu du ardatz. Hori horrela, datuak eta txosten ofizialak jartzen ditu mahai gainean, benetako berdintasunerako falta den bidea azalarazteko.

Felix Taberna Nafarroako Gobernuko Presidentetza eta Berdintasun kontseilariak eta Patricia Abad Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendariak gaur aurkeztu dute kanpaina, 'Ez zaitzatela nahasi… Gezur Matxistekin' lelopean.

"Sektore batzuetan, batez ere gazteen artean, berdintasuna lortuta dagoela eta hobetzeko askorik ez dagoela zabaldu da", azaldu du Abadek.

Zuzendariaren esanetan, "sare sozialetan ez ezik, nazioarteko politikari batzuen ahotan ere gero eta gehiago dira berdintasun alorrean emandako pausoak ezeztatzen dituzten diskurtsoak". Nafarroako Gobernuaren asmoa da, kanpainaren bitartez, "datu argi eta ofizialen, gorroto-diskurtsoei pentsamendu kritikoaren bidez aurre egitea". 

Datuak, berdintasun aldarri faltsuari aurre egiteko

Abadek berdintasun faltsu horren hainbat adibide eman ditu. Besteak beste, aipatu du emakumeek euren ibilbide profesionalean topatzen dituzten zailtasunak, eta horiek euren bilakaera ekonomiko zein profesionalean dituzten ondorioak.

Horren ildotik nabarmendu duenez, "soldata arrakala jaitsi bada ere, gizonak ez dira zaintza lanetan masiboki murgiltzen", eta nagusiki emakumeen bizkar daude oraindik.

Era berean, "pentsioetan arrakala handia dago, eta kritikatu du seme-alabak eta gaixoak zaintzeko eszedentzia gehienak" emakumeek hartzen dituztela.

Taberna kontseilariak, bere aldetik, NASTAT Nafarroako Estatistika Institutuaren datuak eman ditu, eta genero ezberdintasunen arteko zenbakiak jakinarazi. "Berdintasuna 100 balitz, Nafarroan 74. postuan geundeke. Emakumeen batez besteko urteko soldata 26.000 eurokoa da, eta gizonena, 32.000 eurokoa. Bazterkerian erortzeko arriskua askozaz handiagoa da andrazkoen kasuan", azaldu du.

"Berdintasuna ez da oraindik existitzen, eta Nafarroako Gobernuan zein gainerako erakundeetan horren alde lan egiten jarraituko dugu", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Matxismoa Feminismoa Emakumeen Nazioarteko Eguna