Gizartea -
TRESNA BERRIA
Irudigiltza: Osakidetzako proba medikoen irudietara sarbidea, errazago
Plataforma berriak osasun-karpetaren bidez ematen den zerbitzua hobetuko du, besteak beste, erradiografia, eskaner eta erresonantzia magnetikoen irudiekin.
Agentziak | EITB MEDIA
Osakidetzak tresna berri bat prestatu du herritarrek errazago eskura ditzaten proba medikoen irudiak, hala nola erradiografiak, eskanerrak eta erresonantzia magnetikoak.
Irudigiltza da zerbitzu berriaren izena eta orain arte osasun karpetaren bitartez (urtero 500.000 lagunek erabiltzen dute) ematen zen zerbitzua hobetzera dator.
Gaur egun, osasun-karpetak pazienteen historia klinikorako sarbidea ematen du, eta tresna horretatik analitiken eta txosten medikoen emaitzak kontsulta daitezke, baina irudi bidezko diagnostiko-probak ikusteko aukera inplementatu beharra zegoen.
Orain, Irudigiltzaren bidez, pazienteak, bere ordenagailuan edo gailu mugikorrean miaketa baten irudia ikusteaz gain, behar duen erreferentziazko edozein profesionalekin partekatu ahal izango du, diagnostiko-gaitasuna handitzeko.
Hedapenaren lehen fase honetan, Irudigiltzara sartzeko, aurrez aurre joan beharko da Paziente eta Erabiltzaileen Arreta Zerbitzura (PEAZ) edo erreferentziako zentrora, eta sartu nahi den irudi-proba eskatu beharko da.
Une horretan, PEAZ zerbitzuko langileek dokumentu baten bidez edo posta elektronikoaren bidez emango diote eskatzaileari sarbide segururako informazioa. Informazio horrek bere gailuetatik sartzeko eta irudiak deskargatzeko gakoa dauka, eta 24 orduz egongo dira eskuragarri, eskaera egin ondoren.
Gainera, Osakidetza lanean ari da bigarren fase batean eskaera osasun-karpetatik bertatik egin ahal izateko, beste plataforma batera jo beharrik gabe. 2021ean osasun-karpeta berritu zenetik, funtzionalitate berriak sartu zirenetik, tresnaren erabiltzaile kopuruak nabarmen egin du gora.
Gaur egun, osasun-karpetak aukera ematen du, analisi eta txosten medikoen emaitzak ez ezik, tratamendu farmakologiko aktiboei, alergiei eta txertoei buruzko informazioa ere kontsultatzeko, itxaron-zerrenda kirurgikoko egoera ezagutzeko eta egiteke dauden hitzordu medikoak kontsultatzeko, baita lehen mailako arretan hitzordu bat eskatzeko ere.
Gainera, bularreko, koloneko eta zerbixeko minbiziaren baheketa-programetan parte hartzeko jakinarazpena jasotzea eta horren emaitzak ezagutzea ere sartu dira azken funtzioetan.