Gizartea -
Eguraldia
Eguraldi ederra astea hasteko, eta ipar-haizearekin negua astearterako
Astelehenean, hodeiak ugarituko dira, baina eguraldi eguzkitsua eta epela espero da. Asteartean, berriz, tenperatura 7-8 ºC jaitsiko da, eta euria egingo du nonahi.
eitb media
Udaberri giroko eguraldiak amaiera izango du asteartean, ipar-haizea iristearekin batera, baina eguzkia eta giro epela nagusituko dira ordura arte, Euskalmeten iragarpenaren arabera.
Astelehenean hodei gehiago espero dira. Goizean eta arratsaldean, batik bat, erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak izango dira, eta ostarte zabalak irekiko dira. Gauean, hodei trinkoagoak agertuko dira, eta euritara joko du mendebaldean. Hegoaldeko haizea indartu egingo da, bolada oso gogorrekin, batez ere ipar-mendebaldeko haizeguneetan. Gauean, haizeak mendebaldera egingo du. Tenperaturak gora egingo du, batez ere isurialde atlantikoan, eta maximoak 20 ºC ingurukoak izango dira bertan.
Asteartean, ipar-mendebaldeko haizea nagusi dela, euria egingo du eskualde guztietan, eta tenperatura jaitsi egingo da. Zerua nahiko estalita egongo da eta egunaren amaieran soilik irekiko dira ostarte batzuk, batez ere hegoaldean, eta atertzera egingo du. Elur-kota jaitsi egingo da egunean zehar, eta 1.500 metrotik behera egon daiteke. Tenperatura maximoa 5-6 ºC jaitsiko dira, eta ipar-mendebaldeko haizeak hotz sentsazioa handituko du.
Asteazkenean, bide beretik jarraituko du eguraldiak, baina ostegunean hego-haizea itzuliko da, eta atertzearekin batera, eguraldia eguzkitsuagoa izango da. Asteburuan ere, antzeko eguraldia izan daiteke.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.