Gizartea -
MANIFESTAZIOA
Palestinari babesa eman eta Israeli zigorrak ezartzeko eskatu dute Iruñean
Manifestazioaren deitzaileek salatu dutenez, "Israelek azken 15 hilabeteetan egindako suntsiketaren basakeria eta deshumanizazio mailak ez du aurrekaririk historia modernoan, bai intentsitateagatik, baita aldebakartasunagatik ere".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Yala Nafarroa kolektiboak deitutako manifestazio jendetsua izan da larunbat arratsaldean Iruñean, palestinar herriari elkartasuna adierazteko eta Israeli zigorrak jartzea eskatzeko.
Antoniutti parkean hasi dute protesta, 'Israelek ez du bete! Isolamendua orain!' zioen pankarta batekin. Atzetik, Genevako Hitzarmenetako hainbat artikulu, NBEko Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak eta Haurren Eskubideen Hitzarmeneko artikuluak zeramatzaten kartelak erakutsi dituzte dozenaka herritarrek.
Gazteluko plazan amaitu da manifestazioa, agiri bat ikurrita. "Israelek azken 15 hilabeteetan egindako suntsiketaren basakeria eta deshumanizazio mailak ez du aurrekaririk historia modernoan, bai intentsitateagatik, baita aldebakartasunagatik ere", salatu dute deitzaileek.
Israel izan dela "galtzaile nagusia" nabarmendu dute Iruñean, "bere gerra eta suntsipen makina guztiekin eta Estatu Batuen eta Mendebaldeko gobernu gehienen baldintzarik gabeko babesa izan arren". Izan ere, Yala Nafarroa kolektiboko kideek uste dute Palestinako herriak, "munduko herri eta gobernu ausart batzuen babes bakanekin (Hegoafrikakoarekin, adibidez), imajinaezina zenari eutsi dio, eta ez hori bakarrik, munduko bosgarren armada atzera egitera behar du".
Yala Nafarroak gogor deitoratu du "Israeli ezarri beharreko isolamendua eta zigorrak oraindik ezarri ez izana". "Badirudi ausardia falta dela Israel nazioarteko legedia errespetatzera behartzeko, beste edozein estaturi eskatzen zaiona ez zaiolako eskatzen", salatu dute.
Hori dela eta, gatazka honetan, "herri palestinarrak bere lurraldean bizirauteko duen eskubideaz gain", "Bigarren Mundu Gerraz geroztik nazioartea gidatu duen sistema juridikoaren iraupena dago jokoan", ohartarazi dutenez.
Iruñean ez ezik, Estatu osoko 60 hiritan egin dituzte elkarretaratzeak eta manifestazioak larunbat honetan, Gazako eta Zisjordaniako gerraren aurka eta bakearen eta herri palestinarraren alde egiteko. Tartean, elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen goizean.