Gizartea -
Eusko Ikaskuntza
Eusko Ikaskuntzak marka eta egoitza erabiltzea debekatu dio Iparraldeko egiturari, irregulartasunak tarteko
Iparraldeko Administrazio Kontseiluko kideen artean tirabirak izan dira azken hilabeteetan, eta, irregulartasunak argitu eta egoera bideratu bitartean, Baionako egoitza erabiltzea eta Eusko Ikaskuntzaren marka erabiltzea galarazi diete.
EITB Media
Eusko Ikaskuntzak Baionako egoitza eta Eusko Ikaskuntzaren marka erabiltzeko debekua ezarri dio Iparraldeko egiturari, azken hilabeteetan kideen artean izan den banaketa eta sumatu diren irregulartasunak argitu bitartean.
Elkarteak ohar batean adierazi duenez, Eusko Ikaskuntzak Iparraldeko Ezohiko Batzar Nagusia egin du larunbat honetan Baionan, Iparraldeko egituraren estatutuak aldatu eta gidaritza kolegiatua eratzeko; izan ere, azaldu dutenez, urtarrilaren 29an Iparraldeko Eusko Ikaskuntzako administrazio kontseiluko kide batzuk elkartu ziren eta gaur egun lehendakari den Claude Mehats kargugabetzea erabaki zuten jardun desegokia leporatuz, eta Virgil Joseph Alexandrek bere burua izendatu zuen orduan Iparraldeko Eusko Ikaskuntzako lehendakari.
Prozedura, ordea, ez da zuzena, Eusko Ikaskuntzaren hitzetan, lurraldeetako erakundeen lehendakaria Batzar Nagusiak hautatzen baitu.
Iparraldeko Eusko Ikaskuntzak funtzionamendu egokia izan dezan, Eusko Ikaskuntzak Iparraldeko erakundeari eskubideak mugatzea adostu du, bi hilabeteko epea zabalduz gatazka era txukun batean bideratua izateko.