Gizartea -
Etxebizitza
Martuteneko kartzela 2026rako eraitsi nahi dute erakundeek 400 etxebizitza berri eraikitzeko
Txomin-Enea auzoko proiektuaren bigarren fasean botako dute behera espetxea. Espainiako Gobernuak ere hartuko du parte etxebizitza horiek eraikitzeko prozesuan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Etxebizitza Ministerioko eta Eusko Jaurlaritzako eta Donostiako Udaleko arduradunek bilera egingo dute martxoan, Martuteneko kartzela 2026rako eraistea ekarriko duten lanak antolatzeko. Horrela, "azkartu" egingo dituzte 400 etxebizitza berri —gehienak babes ofizialekoak eta alokairukoak— eraikitzeko lanak.
Ohar batean egin du iragarpena Etxebizitza Sailak. Horren bidez, gogora ekarri du Txomin-Enea auzoko proiektuaren bigarren fasean botako dutela behera espetxea, eta Espainiako Gobernuak ere hartuko duela parte etxebizitza horiek eraikitzeko prozesuan.
Ostegunean batzartu ziren Madrilen Denis Itxaso Etxebizitza sailburua eta Leire Iglesias SEPESeko zuzendaria. Hitzordu hartan adostu zuten martxoan erakundeen arteko bilera egitea, "proiektuarekin zerikusia duten alde guztiak" mahaiaren bueltan eserita.
Itxasoren Sailak, SEPESek eta Donostiako Udalak, hortaz, proiektua garatzen lagundu beharko dute, urtarrilean adostutako akordioari jarraikiz. Orduan hitzartu zuten Udalak lursailen % 65 doan ematea.
Lursailen gainerako % 35ean Martuteneko espetxea dago. Barne Ministerioa duela hiru urtetik Zubietan egiten ari den kartzela irekitzen dutenean egongo dira lur horiek etxebizitzak eraikitzeko erabilgarri.