Gizartea -

MARTXOAK 8

Feminismoak gizarteari egiten dion ekarpena aldarrikatuko du Emakundek martxoaren 8ko kanpainan

Otsailaren 22tik martxoaren 8ra bitartean egingo dute kanpaina, "Ni feminista naiz" lelopean, besteak beste, berdintasunaren arloan lortutako aurrerapenak nabarmentzeko.

Iazko Martxoaren 8ko Bilboko manifestazioa. Argazkia: EFE
Iazko Martxoaren 8ko Bilboko manifestazioa

Iazko Martxoaren 8ko Bilboko manifestazioa. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Ni feminista naiz" da Emakundek, hiru foru aldundiek eta Eudelek martxoaren 8aren harian bultzatuko duten erakundeen arteko kanpainaren leloa. "Feminismoa zurekin bat" goiburuarekin, gainera, feminismoak gizarteari egiten dion ekarpena aldarrikatu eta berdintasunaren arloan lortutako aurrerapenak nabarmenduko dituzte. Horrekin batera, feminismoaren balioek pertsonen eguneroko bizitzan botere eraldatzailea dutela erakutsi nahi dute.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Iñaki Gurtubai Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatua, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria, Trinidad Vicente Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria eta Esther Apraiz Eudeleko presidentea izan dira kanpaina aurkezteko ekitaldian.

"Eskuin-muturraren goraldiak emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza ukatzen duela, emakumeen aurkako indarkeria hutsaltzen duela eta berdintasun politikak mespretxatzen dituela kontuan hartuta, euskal erakundeek beharrezko ikusten dute feminismoaren pedagogia egitea eta ongizateari egiten dion ekarpena aipatzea", Emakunderen esanetan.

Elgarrestaren arabera, "beti egon da feminismoari eta bere agendari buruzko desinformazioa, baina azken urteotan areagotu egin da, Interneten eta sare sozialen erabilera zabaldu denetik". Nazio Batuek ere alerta horren berri ematen dute, eta, beraz, inoiz baino beharrezkoagoa da emakumeen eskubideen alde egindako lana nabarmentzea.

Hartara, Elgarrestaren ustez, gizarteak jakin behar du "feminismoaz ari garenean eskubideez, askatasunaz, ongizateaz, elkartasunaz, sare eta aliantzez, demokraziaz, ahalduntzeaz, hezkuntzaz eta jakinduriaz, errespetuaz eta pertsona guztientzako aukera berdintasunaz" ari garela. "Kontzeptu eta balio horiek guztiak aldarrikatzeko, feminismoa berretsi behar da. Beharrezkoa da publikoki esatea: Ni feminista naiz", esan du.

Kanpaina otsailaren 22tik martxoaren 8ra bitartean egongo da martxan kanpoko euskarrietan, egunkarietan, irratietan, sare sozialetan eta telebistan. Gainera, sare sozialetako istorioetarako txantiloi bat sortu da filtro formatuan, #NiFeministaNaiz traolarekin. Horren bidez, erabiltzaileek selfie bat egin eta beren sare sozialetan partekatu ahal izango dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Emakunde argazkiak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Emakumeen Eguna Bizkaiko Foru Aldundia azken orduko albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak Arabako Foru Aldundia azken orduko albisteak EUDEL